Gizartea -
Birziklatzearen mundu eguna
Birziklatzearen Nazioarteko Eguna, herritarrak horren garrantziaz jabetzeko
Arbizuko (Nafarroa) birziklatze plantan izan gara Olatz Garde hondakin teknikariaren azalpenak bertatik bertara jasotzeko. Mitoak gezurtatu eta biztanleriaren zalantza ohikoenak argitu ditu adituak.
EITB Media
Maiatzaren 17a Birziklatzearen Eguna da mundu osoan. Unescok ezarri zuen hitzordua, hondakinak euren ezaugarrien arabera tratatzeko garrantziaz kontzientziatzeko. Izan ere, kontsumoa murriztearekin batera, sortutako hondakinak birziklatzea da klima aldaketaren kontra borrokatzeko neurririk eraginkorrena.
Azken hamarkadetan hazi egin da hondakinen kudeaketaren inguruko kezka, eta horren jakitun, estatu kideek bete beharreko birziklatze mailaren inguruko plana adostu zuen 2018an Europar Batasunak (EB). 2025a jomuga, burdin aleaziozko metalen eta beiraren % 70 birziklatzea nahi du; paperaren eta kartoiaren % 75, plastikozko eta aluminiozko hondakinen % 50, eta egurraren % 25. Era berean, produkzio mota lineala gainditu eta ekonomia zirkularrean pausoak emateko deia egin die 27ei.
Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak, biek, martxan dituzte sortutako hondakin kopurua murrizteko, birziklatze tasak handitzeko eta materialen zirkularitatea handitzeko planak. EAEren kasuan, 2030erako % 30 hondakin gutxiago sortzea eta hondakinen gaikako bilketa % 85era areagotzea du helburu Jaurlaritzak. Bestalde, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Planak hondakin organikoen nahitaezko bilketa eta hondakinak zuzenean isurtzearen praktika bertan behera utzi nahi du. Iaz, marka erdietsi zuen Foru Erkidegoak arlo horretan, hiri hondakinen erdia birziklatzea lortu baitzuen, Europar Batasunak ezarritako helburutik bost puntu eskasera.
Hitzordua baliatuta, UtzubarEKOgunea Arbizuko (Nafarroa) birziklatze plantan izan da eitb.eus. Sakanako Mankomunitateak kudeatzen du, eta Nafarroan EBk 2025erako ezarritako birziklatze tasa betetzen duen bakarrenetakoa da (% 55etik gorakoa). Hainbat ereduren bitartez —atez atekoa, bosgarren edukiontzia eta herri txikien etxolak— bildutako gaiak banatu eta tratatzen ditu, eta hondakin organikoa konpostatzen du.
Olatz Garde hondakin teknikariak zabalduen dauden mitoak gezurtatu dizkigu eta herritarrek birziklatzean dituzten zalantza ohikoenak argitu.