Gizartea -

Homofobia

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek eraso homofoboa salatu eta elkarretaratzea deitu dute

Udalek elkarretaratzea deitu dute gaur eguerdirako, bi herriak elkartzen dituen oinezkoentzako zubian.

Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zizurkilgo eta Amasa-Villabonako udalek elkarretaratzea deitu dute gaurko, asteburuan izandako eraso homofoboa salatzeko. Udalek adierazi dutenez, ez dute "eraso homofoborik" onartuko, eta "herri plural baten" alde egiten dute "edozein pertsona lasai eta seguru bizi ahal izateko". 

"Horregatik, joan den asteburuan gure udalerrietan gertatutakoa irmo salatzen dugu", azpimarratu dute ohar batean.

Horrenbestez, Zizurkilgo eta Amasa-Villabonako udalek elkarretaratzea deitu dute gaurko, maiatzak 17, 12:00etan, bi herriak elkartzen dituen oinezkoentzako zubian.

Erakundeen babesa

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Politika Sailak ere "bortizki" gaitzetsi du Villabonan gertatutako eraso "homofobo eta arrazista". Gertaera horrek "oraindik egiteko asko dagoela" gogorarazten duela gaineratu du Jaurlaritzak.

"Aniztasuna eta inklusioa defendatu eta babestu beharreko balioak dira. Pertsona batek ere ezin du indarkeriarik edo diskriminaziorik jasan bere arraza-, etnia- edo nazio-jatorriagatik edo sexu-orientazio edo -identitateagatik", azpimarratu du Nerea Melgosa sailburuak.

Eusko Jaurlaritzarekin batera, hainbat erakundek bikotearen aldeko mezuak bidali dituzte eta bat egin dute erasoa gaitzesteko adierazpenekin; Arartekoak, besteak beste.

Hain zuzen ere, Arartekoak "basatitzat" jo du erasoa, eta biktimei "lehenbailehen errekuperatzea" opa diela esan du.

Irain homofobo eta xenofoboak

Kolonbiatik etorritako bikoteak festa-gaua zuen Villabonan, eraso jasan zuenean. "Marikoiak, atzerritarrak, hau ez da zuen lekua; alde hemendik!" oihuen artean, bietako bat botila batekin zauritu zuten. Biktima Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten larrialdietarako zerbitzuek.

Lekuko baten arabera, erasoa 04:30 aldera gertatu zen, bat-batean, inolako arrazoirik gabe. Horren hitzetan, "homosexualak zirelako" egin zieten eraso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Homofobia Villabona Albisteak