Gizartea -

Elikadura

Proteina alternatiboak: etorkizuna bertan dugu

Mikroorganismoak, intsektuak, landutako okela... proteina alternatiboek gero eta garrantzi handiagoa dute gure elikaduran. Zein motatakoak daude? Zergatik dira garrantzitsuak? Zein abantaila eta erronka dituzte?

Proteina alternatiboak. Irudia: EITB Media.
Proteina alternatiboak. Irudia: EITB Media.
Proteina alternatiboak: zer dira eta zer abantaila daukate?

2:15

A. ARAMENDI ELDUAIEN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Proteina begetaletan, mikroorganismoetan, intsektuetan edota laborategian egindako haragia imajinatzea arraroa egiten zaio jende askori, baina gure inguruan badira elikadura mota hau ikertzen eta ekoizten hasi diren enpresak. Urte gutxi barru, gainera, gure elikaduraren portzentaje garrantzitsua beteko dutela espero da.

Paula Jauregi AZTIko ikerlariak azaldu digunez, ohiko iturrietatik edo ohiko prozeduretatik lortzen ez direnak dira proteina alternatiboak. Etorkizun hurbil batean funtsezkoak izango dira elikaduran; izan ere, munduko biztanleria hazi eta hazi ari da, horiek guztiak elikatzeko nahikoa proteina sortu beharko da, eta modu jasangarrian egin beharko da, gainera, planetari ahalik eta kalte txikiena egiteko.

Gaur egun, 8.000 milioi biztanle gara munduan, baina 2030ean 10.000 milioi izatea espero da, eta, ongi elikatuko bagara, jaten dugunaren % 15 eta % 20 artean proteina izan beharko litzateke. Testuinguru honetan, ezinbestekoa izango da proteina alternatiboak ekoizteko iturriak izatea.

Bost motatako proteina alternatiboak ditugu gaur egun: barazkietatik datozenak, mikroorganismoetatik (onddoak edo algak) ateratzen ditugunak, intsektuak, akuikulturatik datozenak eta laborategian sortutako haragiak dituenak. Bakoitzak bere alde onak ditu, baina baita gainditu beharreko hainbat erronka ere:

Proteina alternatiboak: abantailak eta erronkak

Mota hauetako proteina gehienak prozesu jasangarrien bidez eskuratu daitezke, eta horrek ingurugiroan uzten dugun arrastoa gutxitzen lagunduko digu. Gainera, baten batzuk oso kalitate altuko proteinak dira eta elikadura egokia izaten laguntzen digute.

Beste alde batetik, ordea, proteina hauek bertan ekoiztea da hurrengo urteetarako erronka nagusia, atzerriko ekoizpenari lotuta ez egoteko. Azkenik, ekoizpenak altua izan beharko luke, biztanleriaren zati handi batengana iritsi ahal izateko adinakoa.

Euskal Herrian badira dagoeneko landutako okela, intsektu eta barazkien bidez proteinak ikertzen eta ekoizten hasi diren enpresak. Laborategiko haragi eta intsektuen kasuan, gainditu beharreko bi oztopo dituzte: ekoizpen altua ahalbidetuko duten instalazioak eraikitzea eta Europako EPSA agentziaren baimena lortzea.

Proteina begetalaren kasuan, lanean hasita edo hasteko bidean daude hainbat enpresa, Noaingo MOA Foodtech, adibidez. Nekazaritzan albo batera utzi diren hondarrak baliatzen dituzte proteina eskuratzeko, hartzidura prozesu baten bidez. Angulas Aguinaga eta beste hainbat enpresarekin elkarlanean ari dira, proteina hauek haien produktuetan nola sartu ikertzen.

Proteina alternatiboak ekoizten MOA Foodtech enpresan
Proteina alternatiboak ekoizten MOA Foodtech enpresan
Proteina alternatiboak ekoizten MOA Foodtech enpresan

2:29

Ostegunera bitartean Barakaldoko BECen egingo den Food 4 Future azokan argi geratuko da proteina alternatiboak ez direla zientzia-fikzioa eta esku-eskura ditugula.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak Zientzia