Gizartea -
Europar Batasuna
Notarioek online zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte
EBko zuzentarauen transposizioari buruzko Legeari esker, sei hilabetetan online egin ahal izango dira egintzak eta kontratuak, notariotzara joaterakoan bermatzen den segurtasun juridiko berarekin.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Notarioek online zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte Europar Batasuneko zuzentarauen transposizioari buruzko Legeari esker, Notariotzaren Kontseilu Nagusiak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Beraz, sei hilabeteren buruan online egintzak eta kontratuak egin ahal izango dira notarioaren aurrean, notariotzara joaterakoan bermatzen den segurtasun juridiko berarekin.
Horretarako, dokumentuak baimentzeko eta sinatzeko, bideokonferentzia eta sinadura elektroniko kualifikatua erabiliko dira. Kontseiluaren kalkuluen arabera, urtean 3 200 000 dokumentu baino gehiago baimendu eta sinatuko litzateke online.
Online sinatu ahal izango diren dokumentuak honako hauek izango dira: sozietate-egintzak, merkataritza-polizak, hainbat notario-ahalorde mota, ordainketa-gutunak, bermeen ezereztea, legitimazio-testigantzak, epidemia-egoeran dauden testamentuak eta, kasu batzuetan, adiskidetzeak eta egintza eta negozio juridikoak.
Gainera, araudi berri horrekin, notarioek notario-agirien kopia elektroniko baimenduak eman ahal izango dizkiete herritarrei eta enpresei. Azkenik, notario aurrean sozietate mugatuak ere era litezke bide horretatik.