Gizartea -

Jaiotzak

EAEko jaiotzen kopuruak beheraka jarraitzen du, markak hausten

2022an, 13.613 ume jaio ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Azken hamarkadetako daturik txarrena da. 40 urtetik gorako amen ekarpena 25 urtetik beherakoena baino handiagoa da.

EAEn, gero eta jaiotza gutxiago.
EAEn, gero eta jaiotza gutxiago.
EAEn, gero eta jaiotza gutxiago.

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

OHARRA: Eduki honek grafiko interaktibo bat du. App-tik kanpo behar bezala ikusteko, klik egin esteka honetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko jaiotzen kopuruari buruzko datuek gutxieneko historikoetan jarraitzen dute. Iaz, 13.613 ume jaio ziren EAEn, 2021ean baino 644 gutxiago eta duela hamar urte baino 6.920 gutxiago, Eustaten datuen arabera.

1970eko hamarkadan hasi zen bilakaerari jarraituz, gero eta jaiotza gutxiago dago. Mende hasieran gorakada izan ondoren, berriro jaitsi zen 2008tik aurrera.

Jaiotza kopuruak hiru lurraldeetan egin du behera. Ehunekotan, jaitsierarik handiena Gipuzkoan izan da (428 jaiotza gutxiago, % 8,7ko jaitsiera), baina Araban (102 jaiotza gutxiago, % 4,3ko jaitsera) eta Bizkaian (114 jaiotza gutxiago, % 1,6ko jaitsiera) ere egin du behera jaioberrien kopuruak.

2022ko azken hiruhilekoa izan da jaiotza gutxien izan dituena, urte osoko bilakaera kontuan hartuz gero. Urritik abendura bitarteko jaiotzen banaketari dagokionez, 35-39 urteko amak % 33,9 izan ziren, 30-34 urtekoak % 32,8, eta 25-29 urteko amen ekarpena % 13,2koa izan zen. 40 urtetik gorako amak (% 12,8) 25 urtetik beherakoak (% 7,3) baino gehiago izan ziren.

Gainera, ezkontzaz kanpoko jaiotzak erdiak baino gehiago izan ziren: % 51,5 (2021eko aldi berean baino 1,3 puntu gehiago).

Datu horiekin, jaiotza-tasa —kopuru absolutua biztanleenarekin alderatzen du— jaisten jarraitzea aurreikusten da. 2021ean, % 6,5ean kokatu zen, 1976ko % 19,74tik oso urrun. Eustaten behin betiko datuen faltan, azken urteko jaitsiera hamarren batzuetakoa izango da, azken hamarkadan zehar bezala.

Arkaitz Fullaondo Elordui-Zapatarietxe soziologo eta EHUko irakaslearekin aztertu ditugu datuok. Horren iritzian, demografiaren joera hau estrukturala da. Alde batetik, baby boom deituriko belaunaldi hura dagoeneko ez dago haurrak izateko adinean, eta haurrak izan ditzaketen emakume gazteak duela urte batzuk baino gutxiago dira. Bestetik, atzerritik etorritako emakumeek ere bertako gizartean ohikoak diren tendentziak bereganatu dituzte. Egiturazko egoera honetarako egiturazko neurriak hartu behar direla defendatu du, etxebizitzarekin, lanarekin eta kontziliazioarekin lotutakoak.

Fullaondo: ''Jaiotzen beheranzko joera egiturazkoa da, eta horrek egiturazko politika aldaketak behar ditu''
Fullaondo: ''Jaiotzen beheranzko joera egiturazkoa da, eta horrek egiturazko politika aldaketak behar ditu''
Fullaondo: ''Jaiotzen beheranzko joera egiturazkoa da, eta horrek egiturazko politika aldaketak behar ditu''

1:36
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Eustat Gurasoak  gaur Haurtzaroa albisteak