Gizartea -
Osasun publikoaren alde
Ospitale publikoa eskatzeko manifestazioa egin dute Tolosan
Ospitale publikoa ez duen EAEko eskualde bakarra da Tolosaldea. Ospitalea egiteko proiektua omen dago, baina datak zehaztu gabe, eta hori argitu dezatela eskatu dute gaur milaka herritarrek.
EITB MEDIA
Ospitale publikoa eskatzeko manifestazioa egin dute larunbat honetan Tolosan, TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak deituta, 'Tolosaldeko osasungintza egoera larrian. Konponbidea orain!' lemapean. Ospitale publikoa ez duen EAEko eskualde bakarra da Tolosaldea. Ospitalea egiteko proiektua omen dago, baina datak zehaztu gabe, eta hori argitu dezatela eskatu dute gaur milaka herritarrek. Antolatzaileen aburuz, 2.000 pertsona baino gehiago bildu dira gaurko martxan.
"12 urte baino gehiago daramatzagu osasun arreta prekarioa jasotzen, eta ez dugu ikusten arazoa konpontzeko arrastorik. Aspertuta gaude benetako konpromisorik ez egoteaz, soilik hauteskunde aurreko promesa hutsalak aditzeaz, eta eguneroko jarduera penagarriarekin kontraesanean dauden adierazpenak entzuteaz. Parte hartzeari eta gardentasunari buruz ere, hitz antzuak entzuten ditugu", adierazi dute plataformako kideek, Ataria Tolosa webguneak jaso duenez.
Bestalde, Tolosaldean osasun arreta eskaintzen duen Asuncion Klinika pribatuko langileek ere bat egin dute manifestazioarekin, eta "osasun publikoaren aldeko apustua" egiteko eskatu diete erakundeei. "Tolosaldeak % 100 publikoa izango den ospitale bat behar du, langile guztiekin", ondorioztatu dute.