Gizartea -
zaporeak
Errekorrak hautsi ditu Zaporeak elkarteak 2.000 otordu banatuz
Elkarteak egunean 1.700 bazkari inguru eman ohi ditu, baina kopuruak gora egin du asteazkenean, errekorrak hautsiz. Zaporeak elkartearen sortzailea harro eta triste agertu da aldi berean.
eitb media
Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien Zaporeak elkarteak, 2.000 otordu banatu zituen atzo, maiatzak 3, Lesbosko (Grezia) errefuxiatu-kanpamentuan. Hots, duela zazpi urte bere ibilbidea hasi zuenetik, egun bakar batean eman dituen otordu kopuru handiena. Hala jakinarazi dio Pello Garcia Amiano Zaporeak elkartearen sortzaileak, Lesbosetik, EITB Mediari.
Zaporeak elkartasuna eta gastronomia uztartzen dituen ekimenak garatzeko helburuarekin jaio zen. Batez beste, egunean 1.600 eta 1.800 plater artean banatzen ditu elkarteak urteko 365 egunetan. Garciaren esanetan, hazkundeak, alde batetik, poza eragin du milaka errefuxiaturi lagundu ahal izanagatik, baina baita tristura ere, gero eta jende gehiago dagoelako zaurgarritasun-egoeran.
Inflazioak eta Ukrainako gerrak, ordea, eragina izan dutela aitortu du elkartearen sortzaileak. "Izugarri eskertzen dugu euskal herritarrek egiten duten eta jarraitzen duten ekarpen izugarria, baina egia da diru-sarrerak jaitsi egin direla", gaineratu du. Horregatik, dohaintzen eta bazkide berriak erakartzearen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, milioi bat eurorekin eta 1.500 boluntarioren laguntzarekin, Zaporeak elkarteak urtean 3 milioi otordu baino gehiago eta beste hainbat behar asetzen ditu.
Etorkizunari begira, elkartearen asmoa sukaldea handitzea da, jatordu "gehiago eta hobeto" emateko eta errefuxiatuen bizi-baldintzak hobetzen jarraitzeko.