Gizartea -
Sexu abusuak
Bizkaiko Auzitegiak hamaika urteko zigorra jarri die bi andreri euretako baten semeari sexu abusuak egitearren
Bederatzi urte zituen mutikoak abusuak jasan zituenean, eta gutxira zazpi urteko arrebari abusuak egin zizkion berak, epaiak jaso duenez.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hamaika urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio emakume bati —eta hamaika urtekoa haren bikotekideari— seme adingabeari sexu abusu jarraituak egitea leporatuta.
Bederatzi urte zituen mutikoak abusuak jasan zituenean, eta gutxira zazpi urteko arrebari abusuak egin zizkion berak, epaiak jaso duenez.
Gernikako Epaitegiaren esku egon zen auzia. Horren arabera, 2017ko bukaeratik 2018ko amaierara sexu abusu jarraituak egin zizkioten semeari emakumeak eta haren bikotekide berriak —zigortutako bigarren emakumea—. Bi seme-alaben zaintza bere gain zuen, haien aitarengandik banandu zenetik.
Mutikoa sexu abusuen biktima zela jakin gabe, bi emakumeak bizi izan ziren udalerrietako udalek eta ikastetxeek neba-arreba horiek "babesgabetasun egoera larrian" zeudela ohartarazi zioten Aldundiari. Amak alkohola eta beste droga batzuk kontsumitzen zituen.
Horregatik, Aldundiak familia bitartekaritza saio batzuetan parte hartzera behartu zuen ama, baina ez zuen arrakastarik izan, eta umeen zaintza kendu zioten. Aitaren zaintzapean geratu ziren orduan biak.
Alabaina, 2019ko abuztuan —semeak alabari sexu abusuak egin zizkiola jakin zuenean— bi adingabeen zaintza bere gain har zezala eskatu zion Aldundiari aitak.
Gauzak horrela, Auzitegiak sinesgarritasun osoa eman dio 2020ko uztailaren 21ean mutikoak emandako testigantzari. Orduan —12 urte zituen— aitortu zuen amak eta haren bikotekideak sexu abusu jarraituak egin zizkiotela.
Kartzela zigorra ez ezik, 90.000 euroko isuna ere jarri diete bi emakumeei. Alegia, diru kopuru hori eman beharko diote biktimari, bien artean.
Gainera, ezingo dute mutikoarekin harremanik izan, eta harengandik 500 metroko distantziara egon beharko dute, gutxienez 15 urtez. Bestalde, espetxetik irteten direnean, sexu heziketari buruzko saio batzuetan hartu beharko dute parte.