Gizartea -
TURISMOA
20 gurutzaontzi izango dira maiatzean Bilboko Portuan
Irteera eta iritsiera Getxon izango duen lehen gurutzaontzia astearte arratsaldean irtengo da. "Sirena" ontziak Iberiar penintsula inguratu ondoren, Mediterraneoko kostaldeko hainbat tokitan geldialdia egingo du maiatzaren 27an Getxora itzuli arte.
EITB Media
Bilboko Portuan gurutzaontzien trafiko handia espero da datozen hilabeteetan. Maiatzean bakarrik, 20 bidaiari-ontzi iritsiko dira Getxora.
Atzo iritsi zen Oceania konpainiaren "Sirena" ontzia, iritsiera eta helmuga Getxo izango duen lehendabizikoa. Portuan gaua igaro ondoren, 17:00etan irtengo da, 630 bidaiari daramatzala. Iberiar penintsula inguratu ondoren, Mediterraneoko kostaldeko hainbat tokitan geldialdia egingo du (Saint-Tropez, Florentzia, Erroma, Amalfi, Catania, Atenas, Santorini, Rodas, Alanya, Limassol) maiatzaren 27an Getxora itzuli arte.
Gaur, "Sirena" bidaiari-ontzia ez ezik, Norwegian enpresaren "Norwegian Star" ontzia ere izango da Bilboko Portuan. Azken hori Lisboatik etorri da, 3.000 bidaiarirentzako lekua du, eta, Frantziako Le Verdonera bidean, Getxon egin du geldialdia.
Bestalde, hauek dira Getxotik igaroko diren beste opor-ontzi batzuk: Residences at Sea konpainiako "The World" enblematikoa, Royal Caribbean Internationalen "Anthem of the Seas", Swan Hellenicen "SH Vega", Ambassadorren "Ambition" eta Oceaniaren "Riviera". Horietako batzuek lehen aldiz egingo dute geldialdia Bilboko Portuan.