Gizartea -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Nafarroako Lehortearen Mahaia, eguraldi epela eta lehorra eta Bermeo Tuna Forumen itxiera
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, maiatzak 2, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Lehortearen Mahaia: Nafarroako Lehortearen Mahaia bilduko da gaur goizean, 10:30ean, Iruñean. Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Landa Garapenerako eta Ingurumeneko kontseilariak deitu ditu bilerara nekazarien elkarte eta sindikatuak. Helburua da egoera aztertu eta, horren arabera, ur eskasiari aurre egiteko neurriak hartzea.
- Eguraldi epela eta lehorra: Bero handia egingo du bihar, asteazkenarekin, Euskal Herri osoan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Afrikatik etorriko den aire-masa beroak tenperatura nabarmen igoaraziko du; beroenak 30 ºC ingurukoak edo altuagoak izango dira.
- Bermeo Tuna Forumen itxiera: Iñigo Urkullu lehendakariak itxiko du arrantza jasangarriari buruzko nazioarteko topaketa. Nazio Batuetako, Europar Batasuneko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek hartu dute parte.