Gizartea -

herri urrats

Egitarau oparoa dakar Herri Urratsen 40. edizioak

Maiatzaren 14an ospatuko da Iparraldeko ikastolen jaia, Senperen, eta programazio oparoa prestatu dute 40. urteurrena ospatzeko. Zetak, Gozategi, Su Ta Gar eta Neomak daude tartean.

Herri Urrats. Artxiboko argazkia: EITB Media
Herri Urrats. Artxiboko argazkia: EITB Media
Herri Urrats. Artxiboko argazkia: EITB Media

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senpereko aintziran (Lapurdi) ospatzen den Herri Urrats Iparraldeko ikastolen festa handia maiatzaren 14an izango da. Aurtengoa berezia izango da, izan ere, 40 urte betetzen dira euskal irakaskuntzaren alde elkartzen hasi zirenetik. Ondorioz, urteurren bereziak, programazio berezia, kalitatezkoa eta zabala eskatzen zuen. EITB ere izango da bertan, tailer, photocall eta "Irabazi arte" saioko aktore eta guzti. Hemen bildu dugu aurtengo jaiak dakarrena.

Araba gunean, Haize Arroxa berrizko taldeak bere lehen kontzertu handia eskainiko du, Triki pop doinuekin. Tiktara taldeak, berriz, son, funky eta musika afrikarren doinuak uztartzen ditu; hau da, munduko doinuak abestu eta dantzatzen ditu, euskaraz. Neomak zazpi neskak osatzen duten taldeak oso kontzertu berezia emango du, bereziki Herri Urrats egunerako prestatutakoa. Zetak (iazko kantuaren egilea) ere bertan izango da. Gozategiren trikiti doinuak ere ez dira faltako. Gainera, lagunez inguratuta igoko dira eszenatoki gainera. Eta, amaitzeko, Holako Deluxe erromeria izango da Araba guneko egitarauari bukaera emateko.

Lapurdi gunean, janariari lotutakoan, Kuxkuxtu txaranga izango da bazkariak alaitzen, eta goizean, Senperetarrak.

Nafarroako BADOK gunean, gehienbat gazteei zuzendutako gunea izan arren, helduak ere dantzan jarriko dituzte hainbat taldek. Patxi eta Konpainia taldearekin hasi, eta Mister Saguak Hazparneko talde mitikoarekin jarraituko du festak. Xutik taldeak iaz kaleratu zuen diskoa eskainiko du. Delirium Tremens taldeak, 40. urteurrena ospatzeko ekimenetan, Atabal aretoa bete zuen, eta Nafarroa gunea beteko dute oraingoan garai bateko doinuez. Su Ta Gar, aurtengo abestiaren egilea, Herri Urratseko izarra izango da. Eta azkenik, Fermin Muguruzaren bertsioak egiten dituen SFM taldea izango da oholtza gainean.

Gipuzkoa gunean, dantza emanaldiak izango dira protagonista. Estitxu Robles kolegioko gazteek irekiko dute, Dantzaz konpainiarekin egindako ikastaldiarekin. Ondoren, Oinak arin, Herri Urrats Kantuz, Txingilika, Begiraleak eta Los Chancaires ikusi ahal izango dira. Eta dantza saioen ostean, amaitzeko, Andoni Ollokiegi bakarlari gipuzkoarrak kontzertua eskainiko du.

HAURREI ZUZENDUTAKO XOKOAK

Araba Mantangorri gunean, Etxepare lizeoko ikasleek hainbat joko antolatu dituzte goizeko 10ak eta 12ak artean: xiba jokoa, soka tira, paraxutaren jokoa, zezena eta San Fermin jokoa, haurren margotzea... Eroskik, bere aldetik, elikadura sano eta egokia nola izan ikasteko tailer ludikoa eskainiko du. Bestalde, EITB ere izango da bertan, tailer, photocall eta "Irabazi arte" saioko aktore eta guzti.

Lapurdi gunean, puzgarriak egongo dira egun osoan zehar. Eszena gainean, Kaiku enpresak jasangarritasunaren inguruko antzerki emanaldia egingo du goiz guztian zehar. Eta 15:00etan, Eidabe antzerki taldearen "Gora Bihotzak" ikuskizun berezia izango da umeentzat.

Aurten, gainera, Erronka berreskuratuko da. Ondarroako Zubi Zahar ikastola (Ibilaldiaren antolatzailea), Etxarriko Andra Mari ikastola (Nafarroa Oinezen antolatzailea), Aguraingo Lautada ikastola (Araba Euskarazen antolatzailea), Oreretako ikastola (Kilometroaken antolatzailea) eta Xalbador kolegioa lehiatuko dira, goizeko 10etatik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Iparraldeko ikastolen jaia Iparraldea bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak