Gizartea -
TRAFIKOA
Amaitu dira auto-ilarak AP-8an, Zumaian kamioi batek zama galdu ostean
Ezbeharraren ondorioz, autobidea guztiz itxi behar izan dute hainbat minutuz. Hala ere, 12:45erako errei bat zabaldu dute noranzko bakoitzean. 13:35 aldera berreskuratu du trafikoak ohiko normaltasuna puntu horretan.
EITB Media
Eguerdian auto-ilara luzeak sortu dira AP-8 autobidean, Zumaia parean kamioi batek zama galdu ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
Ezbeharra 11:55ean gertatu da, eta, ondorioz, autobidea guztiz itxi behar izan dute hainbat minutuz.
12:45ean, errei bat zabaldu dute noranzko bakoitzean, baina auto-ilarak ez dira gutxitu. 5 kilometrorainokoak ziren Bilborako noranzkoan eta kilometro batekoak Irunera bidean.
13:35 aldera berreskuratu du trafikoak ohiko normaltasuna puntu horretan, kamiotik bidera erori diren enborrak errepidetik erretiratu ondoren.