Gizartea -

HEZKUNTZA

Bildarratz, Hezkuntza legearen proiektua onartu berritan: "Prozesu mamitsu bati amaiera eman diogu"

Hezkuntza sailburuaren esanetan, Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako testuak Eusko Legebiltzarreko akordioaren edukia zein espiritua errespetatzen ditu.

Zupiria eta Bildarratz Hezkuntza Lege Proiektua erakusten
Zupiria eta Bildarratz Hezkuntza Lege Proiektua erakusten
Jokin Bildarratz: ''Entzute eta eztabaida prozesu mamitsu bati amaiera eman diogu gaur''

1:29

O. A. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza lege proiektua, eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko du testua tramitazioa hasteko.

Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, "gaur entzute eta eztabaida prozesu mamitsu bati amaiera eman diogu". Horren esanetan, prozesu "trinkoa" izan da, "exijentzia handikoa", baina, aldi berean, "apasionantea". Halaber, onartu du gaurkoa egun berezia dela beretzat eta bere lantaldearentzat, eta uste du horrela izango dela prozesuan parte hartu duten ehunka pertsonentzat ere.

Duela urtebete pasatxo, 2022ko apirilaren 7an, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza lege berria izango denaren oinarriei argi berdea eman zien Legebiltzarrak. Sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak Gasteizko Ganberaren gehiengo zabalaren enkargua jaso zuenetik, lanean aritu da hezkuntza itunaren espiritua errespetatuko duen lege-testu bat osatzeko.

Hezkuntza Lege proiektuaren gako nagusiak
Hezkuntza Lege proiektuaren gako nagusiak
Hezkuntza Lege proiektuaren gako nagusiak

1:24

Hezkuntzako eragileek eta herritarrek, oro har, egin dituzten ekarpenak jaso ondoren, Gobernu Kontseilura iritsi den azken testua osatu du Hezkuntza Sailak. Bildarratzek nabarmendu duenez, Hezkuntza lege proiektua Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien aurreproiektua da, eta onartutako testuak Legebiltzarreko akordioaren edukia zein espiritua errespetatzen ditu.

Lege proiektua Eusko Legebiltzarrak eztabaidatu eta berretsi beharko du orain. Behin betiko legea onartzeko epeez galdetuta, Bildarratz sailburuak esan du udal eta foru hauteskundeak maiatzaren 28an egingo badira ere, Eusko Legebiltzarra ez dagoela hauteskunde giroan, eta lanean jarraitzen duela. Hori dela eta, legegintzaldia amaitu aurretik onartzea espero du.

Testuak ez ditu hizkuntza ereduak (A, B eta D) aipatzen, baina Bildarratzek argitu du ez direla desagertuko. Aurrerantzean, ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektu bat garatu beharko du dagokion errealitate soziolinguistikoari erantzungo diona. Edozein kasutan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako ikasleek B2 maila izan beharko dute euskaran eta gazteleran eta B1 maila, ostera, atzerriko hizkuntzan.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Hezkuntza lege proiektua: ardatzak eta jomugak 

Hezkuntza Lege proiektuak 101 artikulu jasotzen ditu guztira, sei titulutan banatuta: Xedapen orokorrak, Hezkuntzarako eskubidea eta elkarbizitza positiboa, Hezkuntza-sistemaren gobernantza, Hizkuntzak euskal hezkuntzan, Berrikuntza, ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza eta Ikastetxeen autonomia. Titulu horiek biltzen dute, hain justu, lege proiektuaren bizkarrezurra.

"Hezkuntza Lege proiektuaren helburu nagusia Euskadiko ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzea da; kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera-berdintasuna duena, euskalduna eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena. Orainaldira egokitua eta etorkizunari begira dagoen testu berri bat, gizarte gero eta prestatuago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko beharrezko tresnak eskainiko dituena", adierazi du Bildarratzek.

Azkenik, Hezkuntza sailburuak eskerrak eman dizkie Hezkuntza lege proiektua garatzen eta egiten modu aktiboan parte hartu duten elkarte, kolektibo, hezkuntza eragile, alderdi politiko eta sindikal guztiei, baita herritarrei ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea berriak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak