Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Nafarroan emakume bati ustez sumisio kimiko bidez sexu erasoa egitea egotzita
Gizonezkoa atzo utzi zuten aske, emakumeak ez baitzuen salaketarik aurkeztu. Iruñeko Instrukzio epaitegiak emakumearen kontrako prozedura abiatu du gaur, delituaren itxura egitea leporatuta.
EITB Media
Foruzaingoak gizon bat atxilotu zuen atzo, astelehenarekin, Artikan (Berriobeiti, Nafarroa), Ezkaba mendiaren magalean, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita, Poliziak EITBri baieztatu dionez. Erasotzaileak sumisio kimikoa baliatu zuen zantzuak omen zeuden, iturri horren arabera. Atxilotutakoa atzo bertan utzi zuten aske, emakumeak haren kontrako salaketa aurkeztu ez zuelako.
Iturri juridikoek gaur jakinarazi dutenez, Iruñeko 3 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak auzia artxibatu du eta emakumearen kontrako prozedura abiatu du, delitu itxurak egitea leporatuta.
Erasoa astelehen goizaldean jazo zen, Ezkaba mendian. Emakumezkoak ihes egitea lortu zuen, eta eskuburdinak jarrita zituela aukitu zuten agenteek. Kontatu zienez, gizon batek sexu erasoa egin berri zion, baina zailtasunak zituen pairatutakoa xehetasunez gogoratzeko.
Bertan lehen arreta eman ondoren, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean artatu zuten emakumea, eta, sumisio kimikoaren biktima izan zitekeela eta, analisiak egin zizkioten.