Gizartea -
BADIOLA AUZIA
Iñaki Badiolari 10 urte eta 8 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote kalumnia eta irainengatik
Epaiaren arabera, Realeko presidente ohiak zortzi kalumnia delitu eta bost irain larri egin zituen Twitterreko bi kontu erabilita. Dena den, ez da espetxean sartuko. Gainera, 175.000 euroko kalte-ordaina eta 180.000 euroko isuna ordaindu beharko ditu.
AGENTZIAK | EITB Media
Donostiako Zigor Arloko 3 zenbakiko Epaitegiak 10 urte eta 8 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Iñaki Badiola Realeko presidente ohiari, zortzi kalumnia delitu eta bost irain larri leporatuta. Dena den, ez da kartzelan sartuko, 18 hilabeteko 8 zigor izanik ere, bakoitza bi urtetik beherakoa delako.
Twitterreko bi kontu erabilita hainbat pertsona ospetsuri kalumniak eta irainak egin zizkien, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari, Gipuzkoako zenbait magistraturi, Justizia Administrazioko abokatu bati, Gipuzkoako Foru Ogasuneko hiru arduraduni, notario bati, komunikabide bati eta hainbat kazetariri, tartean.
EFE albiste agentziak eskuratu duen epaiaren arabera, Realeko presidentearenak dira "inolako zalantzarik gabe" irainak egiteko erabili ziren bi Twitter kontu horiek.
Halaber, 175.000 euroko kalte-ordaina eta 180.000 euroko isuna ordaindu beharko ditu.
Urtarrilean egindako epaiketan, Badiolak ukatu egin zuen pertsona ezagunak iraindu zituzten kontuekin loturarik izatea.
Epaia ez da irmoa, eta helegitea jar daiteke horren kontra, 10 eguneko epean, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian.