Gizartea -
Epaiketa
Bilbon pisukidea hiltzea egotzitako gizonak hainbat labankada egin zizkiola aitortu du
Lehen aldiz deklaratu du akusatuak, orain arte uko egin baitio. Fiskaltzak 19 urteko urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat, azpikeriaz egindako erailketa delitua leporatuta. Akusazio partikularrak, berriz, 21 urteko zigorra galdegin du, ankerkeria astungarria gehituta.
Agentziak | EITB Media
Bilbon, 2021eko urrian pisukidea hiltzea leporatutako gizonak aitortu du hainbat labankada eman zizkiola biktimari. Bizkaiko Lurralde Auzitegiko 2. sekzioan bere kontra egiten ari diren epaiketaren lehen saio publikoan egin du aitortza.
Epaiketa ostiralean hasi zen, zinpeko epaimahaiaren aukeraketarekin, baina gaur egin dute lehen saio publikoa. Bertan adierazi duenez, hainbat labankada eman zizkion pisukideari, hiltzeko asmoarekin, eta lurrean etzanda ikusi zuenean, etxebizitzatik joan zen. Handik gutxira atxilotu zuen Ertzaintzak.
Lehen aldiz deklaratu du akusatuak, orain arte (atxilotu zutenean zein instrukzio fasean) uko egin baitio.
Lau minutu eskas iraun du deklarazioak. Fiskalak egindako galdera guztiei erantzun die, silaba bakarreko hitzak erabilita, hori bai. Hala, aitortu du biktima sastatu zuela, eta bazekiela horrek heriotza eragin ziezaiokeela. Bi aizto erakutsi dizkiote, eta horietako bat erabili zuela onartu du. Azkenik, gertakariaren ostean etxetik joan zela eta handik gutxira Ertzaintzak atxilotu zuela adierazi du.
Lekukoen testigantzak
Akusatuaz gain, hilketaren lekuko izan ziren beste bi pisukideek hartu dute hitza. Batek azaldu du erasoa saihesten saiatu zela, baina akusatua indartsuagoa zenez, apur bat banatu baino ez zuela lortu. Eginahalak egin zituela erantsi du.
Esan duenez, ez daki zergatik hasi ziren bi gizonak borrokan, baina azaldu du biktima mehatxuka entzun zuela: "Zuk aiztoa hartzen baduzu, nik beste bat hartuko dut". Horren ustez, akusatua "bere burua defendatzen ari zen".
Beste lekukoak adierazi du eztabaida entzun zuela. Akusatuak "berakatz batzuengatik zor zizkion 20 euro" eskatu zizkion biktimari. Hiltzailea lasaitzen saiatu zela aitortu du, baina "bere onetik aterata zegoen, zoro aurpegiarekin", gaineratu du. Erasoa sakelakoarekin grabatu zuela azaldu du (grabazio hori ikusgai izan da gaurko saioan).
19-21 urteko zigor eskaerak
Fiskaltzak 19 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, azpikeriaz egindako erailketa delitua egotzita. Denbora tarte horretan gaitasungabetzea eta hildakoaren anai-arreba bakoitzarentzat 16.500 euroko kalte-ordaina ematea ere galdegin du fiskalak.
Halaber, berrerortze astungarria kontuan hartu behar dela uste du Ministerio Publikoak; izan ere, akusatuak aurrekariak ditu. 2006an 9 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Madrilgo Lurralde Auzitegiak, homizidio delitua egotzita. Asaldura psikikoa aringarritzat hartzea ere proposatu du.
Bestalde, akusazio partikularrak (biktimaren anaietako baten izenean) 21 urteko espetxe zigorra galdegin du, ankerkeria astungarria gehitu baitio. Defentsak absoluzioa eskatu du. Dena dela, akusatuak krimena aitortu duenez, litekeena da horren abokatuak ondorioen txostena aldatzea.
Fiskaltzak bere idatzian jasotakoaren arabera, 2021eko urriaren 22an eztabaida izan zuten bi gizonek. Halako batean, borrokan hasi ziren, eta "biktima hiltzeko asmoz, 20 labankada baino gehiago eman zizkion" akusatuak.
Gizona larri zauritu zuen, eta Gurutzetako Ospitalean hil zen, lau egun geroago.
Epaiketak iraungo duen bost egunetan, Ertzaintzako agente ikertzaileen, adituen eta lekukoen testigantzak entzungo dituzte epaimahaikideek.