Gizartea -

Tragedia Madrilen

Madrilgo jatetxe batean izandako sutean hildakoetako bat Bizkaiko emakume bat da

43 urteko emakumeak Zorrotzaurreko IMQ ospitalean egiten zuen lan, erizain gisa, eta oporretan zegoen Madrilen. Beste hildakoa jatetxearen sukaldarietako bat da, 25 urteko gazte bat.

Su hartu zuen Madrilgo jatetxearen irudia. Argazkia: EFE
Su hartu zuen Madrilgo jatetxearen irudia. Argazkia: EFE
Su hartu zuen Madrilgo jatetxearen irudia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo jatetxe batean postre bat flanbeatzen ari zirela, bat-batean piztutako sutearen ondorioz hildako bi lagunetako bat Bizkaiko emakume bat da, EITB Mediak jakin ahal izan duenez. Emakumeak 43 urte zituen, eta Zorrotzaurreko IMQ ospitalean egiten zuen lan, erizain gisa. Madrilen zegoen oporretan.

Beste hildakoa jatetxeko sukaldarietako bat da, 25 urteko gizon bat, hain zuzen ere. Gainera, 10 pertsona zauritu ziren.

Gertaera ostiral gauean izan zen, Manuel Becerra plazan kokatutako jatetxe italiar batean. Lekukoek jakinarazi zutenez, zerbitzarietako batek postre bat flanbeatu zuenean piztu zen sutea. Garrak sabaira iritsi ziren eta hortik oso azkar zabaldu; izan ere, jatetxeko sabaiak eta hormak landare artifizialez josita zeuden. 

Bezeroetako batzuek jatetxeko atetik lasterka ihes egitea lortu zuten, baina beste batzuk harrapatuta geratu ziren, suak irteerako atea itxi zielako. Suhiltzaile-parkea bertatik 400 metro ingurura dagoenez, berehala iritsi ziren suhiltzaileak eta minutu gutxitan lortu zuten jendea ateratzea eta sua itzaltzea.

Lizentziari buruzko zalantzak

Azken orduetan zenbait informazio zabaldu dira jatetxeak sukaldean aritzeko lizentziarik ez duela iradokiz.

Sare sozialetan dabilen pantaila-irudi batek piztu ditu susmoak; izan ere, lokalaren jarduera "sukalderik gabeko taberna" gisa deskribatzen da bertan. Madrilgo Udaleko iturrien arabera, baina, katalogazio horrek ez du esan nahi establezimenduak sukaldean aritzeko lizentziarik ez duenik.

Gai horren inguruan Begoña Villacís Madrilgo alkateordeak igande honetan azaldu duenez, lokalak "lizentzia badu", 1997tik. Handik denbora batera titulartasuna aldatu zen, baina ez, ordea, lizentzia bera.

"Sukaldea barne hartzen duen lizentzia bat da, eta egia da irteera bakarra duela lokalak, baina lokala txikia izanik, ez da ezinbestekoa beste irteera bat edukitzea. Beraz, gaur egun, hori zuzena litzateke, baina berriz diot, oso goiz da zer gertatu den baieztatzeko", azpimarratu du kazetarien aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril Jatetxeak Suhiltzaileak