Gizartea -

Manifestazioak EAEn

Osakidetzaren "desegitea eta pribatizazioa" salatu dituzte milaka herritarrek EAEko hiriburuetan

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deituta, mobilizazioak egin dituzte Bilbon eta Gasteizen goizean, eta Donostian arratsaldean. Gainera, Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren dimisioa ere eskatu dute manifestariek, "osasun sistema publikoaren hondatzearen erantzulea" delakoan.

Bilboko gaurko manifestazioaren irudietako bat. Argazkia: Bilgunea Osakidetza Twitter
Bilboko gaurko manifestazioaren irudietako bat. Argazkia: Bilgunea Osakidetza Twitter
Milaka pertsona batu dira Bilbon eta Gasteizen Osasun Publikoa Aurrera Herri Plataformaren deialdira

01:10

AGENCIAS | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren "hondatze larria eta desegitea" salatzeko milaka lagun atera dira kalera Bilbon eta Gasteizen larunbat goiz honetan, eta arratsaldean Donostian. Gainera, Gotzone Sagardui osasun sailburuaren dimisioa ere eskatu dute manifestariek, "osasun sistema publikoaren hondatzearen erantzulea" delakoan.

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deituta, 12:00etan manifestatu dira Bilbon eta Gasteizen, eta mobilizazioak jarraipena izan du arratsaldean Donostian, 17:00etatik aurrera, Boulevardetik abiatu duten martxarekin.

Sindikatu eta elkarte sozial anitzek babestu dute Bilboko manifestazioa, horien artean, Euskadiko Pentsiodunen Mugimenduak. Martxa 12:00etan hasi da, Jesusen Bihotz Plazan, eta Arriaga Antzoki parean bukatu.

Horren amaieran, antolatzaileek agiria irakurri dute, salatuz Etengabeko Arreta Guneen itxiera, osasun zentroen arreta ordutegien murrizketak, larrialdi zerbitzuak gainezka daudela, telefonoz hitzordua lotzeko itxaronaldiak eta arreta presentziala lotzeko zailtasunak, besteak beste.

Horrekin batera, Osakidetzaren beste hainbat arazo aipatu dituzte, hala nola, espezialistarekin hitzordua lortzeko itxaron-zerrendak, ebakuntzetarako itxaron-zerrendak eta lehen arretako osasun langileak ordezkatu ez izana.

Plataforma horretako bozeramailearen hitzetan, Osakidetzaren "murrizketa eta desegite progresiboaren helburua da osasun publikoa argaltzea pribatuaren mesedean, klinika, mutua, aseguru-etxe eta aholkulari pribatuen intereserako, alegia".

Pribatizazio eta murrizketa politika

Ohartarazi dutenez, "ez ditugu gezur gehiagorik onartuko, eta ez gara isilik geratuko Osakidetzaren hurrengo zatia enpresa pribatuei oparitzen dietela ikustean". "EAJri eta PSEri eskatzen diegu pribatizazio, desegite eta murrizketa politikak bertan behera uzteko, eta Gotzone Sagarduiren dimisioa ere, osasun sistema publikoaren hondatzearen erantzulea delako eta arazoak konpontzeko bere gaitasun eza adierazi duelako", ondorioztatu du plataformak.

Zentzu horretan, joan den astelehenean Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Osakidetzarako plan estrategikoa "edukiz hutsik dago, eta ez dauka larrialdi egoeratik irtetzeko neurrik zehatzik".

Donostia

Donostian ere milaka lagun batu dira Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak deitutako mobilizazioan. Gipuzkoako hiriburuan arratsaldean izan da manifestazioa, 17:00etan, Boulevardetik abiatuta.

Hamabost bat herri-plataformek babestu dute Donostiako hitzordua, baita sindikatu eta gizarte arloko zenbait elkartek ere. Guztiek Osakidetzaren "pixkanakako hondatzea" salatu dute, eta osasun sistema publikoaren 2023-2025erako plan estrategikoa errefusatu dute.

Osasun zerbitzu "publiko, unibertsal, erreala eta ez birtuala, doako eta kalitatezko" baten alde egin dute manifestariek. Hainbat pankarta izan dira ibilbidean zehar ikusgai, oro har Osakidetzaren "desegitea eta pribatizazioa" salatuz, eta Etengabeko Arreta Guneak 24 orduz irekita uzteko eskatu dute, besteak beste.

Bilboko protestan Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramailea ere izan da, eta "osasuna babesteko eta interes pribatuari begiratzeari uzteko" eskatu dio Jaurlaritzari.

Bien bitartean, Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen lan-gatazkak konpontzetik urrun jarraitzen du. Izan ere, gaur ez da aurrerapausorik izan negoziazio mahaiak Lan Harremanen Kontseiluan egin duen bileran. Testuinguru horretan, gehiengo sindikalak (LAB, UGT, CCOO eta ESK) hiru asteko greba deitu du datorren asteazkenetik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Manifestazioak