Gizartea -
Epaiketa
Bilbon pisukidea labankadaz hiltzea egotzitako gizonaren aurkako epaiketa abian, zinpeko epaimahaia hautatuta
Bost egunez, Ertzaintzako agente ikertzaileen, adituen eta lekukoen testigantzak entzungo dituzte epaimahaikideek. Fiskaltzak 19 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, azpikeriaz egindako hilketa leporatuta.
EITB Media
Gaur hasi da Bizkaiko Auzitegian 2021eko urrian, Bilboko San Inazio auzoko etxebizitza batean, pisukidea labankadaz ustez hil zuen gizonaren aurkako epaiketa, zinpeko epaimahaia aukeratuta.
Azpikeriaz egindako erailketa delituaren erruduntzat jotzen duten ala ez erabaki beharko dute epaimahaikideek. Fiskaltzak 19 urteko kartzela zigorra eskatu du gizonarentzat. Denbora tarte horretan gaitasungabetzea eta hildakoaren anai-arreba bakoitzarentzat 16.500 euroko kalte-ordaina ematea ere galdegin du fiskalak.
Halaber, berrerortze astungarria kontuan hartu behar dela uste du Ministerio Publikoak; izan ere, akusatuak aurrekariak ditu. 2006an 9 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Madrilgo Lurralde Auzitegiak, homizidio delitua egotzita. Asaldura psikikoa aringarritzat hartzea ere proposatu du.
Fiskaltzak bere idatzian jasotakoaren arabera, 2021eko urriaren 22an eztabaida izan zuten bi gizonek. Halako batean, borrokan hasi ziren, eta "biktima hiltzeko asmoz, 20 labankada baino gehiago eman zizkion" akusatuak.
Gizona larri zauritu zuen, eta Gurutzetako Ospitalean hil zen lau egun geroago.
Epaiketak iraungo duen bost egunetan, Ertzaintzako agente ikertzaileen, adituen eta lekukoen testigantzak entzungo dituzte epaimahaikideek.