Gizartea -

Gipuzkoa

Bi gizon hil dira Irunen izandako liskar batean eskopetarekin tiro eginda

Olaberria auzoko baserri batean topatu dituzte gizonezkoen gorpuak. Antza, ika-mika zuten biek lur-sailen kontura. Batek tiro egin dio besteari, eta ondoren bere buruaz beste egin du. Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

Gertakaria Aranburu baserrian izan da. Argazkia: EITB Media
Gertakaria Aranburu baserrian izan da.
Bi gizon hil dira Irunen: batek tiro egin dio besteari, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du

1:25

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

53 eta 47 urteko bi gizonen gorpuak topatu dituzte gaur Irungo Olaberria auzoko baserri batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Biek ala biek suzko armaz, eskopetarekin, egindako zauriak dituzte. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko. 

Epaileak arratsaldeko 17:30ak aldera eman du bi gizonen gorpuak altxatzeko eta lekualdatzeko agindua, eta Ertzaintzak, ikerketa oraindik zabalik duela, landa eremurako sarbideetan zuen polizia hesia altxatu du. Agenteak lau orduz egon dira lekuan, gertatutakoa ikertzen.

Segurtasun Sailaren arabera, Ertzaintzak 11:30ean izan du gertatutakoaren berri. Herritarren Babeserako eta Bizkor Erantzun Azkarreko agenteak bertaratu dira. Olaberria auzoa nekazaritza inguru batean dago, Aiako Harritik gertu. 

EITBk jakin duenez, bi gizonek ika-mika zuten lur-sailen kontura. Eztabaida baten ostean, batek tiro egin dio besteari, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du. Halaber, hildako baten anaiak bertaratutako kazetariei kontatu dienez, karabanak gordetzeko lur-saila partekatzen zuten biek Aranburu baserriaren goialdeko pabiloi batean, eta tirabirak omen zituzten negozioa kudeatzeko moduaren inguruan. 

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak hedabideen aurrean adierazi duenez, ikerketak "hasi besterik ez dira egin", eta "oso goiz da inolako ondoriorik ateratzeko".

Hori dela eta, azpimarratu duenez, "Ertzaintzari lanean utzi behar zaio", informazioa argitu dezan, ikertzeko baitaude oraindik heriotza horiek argitzeko inguruabarrak.

Bestalde, Jose Antonio Santano hiriko alkateak doluminak eman ditu Twitter bidez. "Atsekabetuta" agertu da, eta, gaineratu duenez, poliziaren ikerketaren zain, "suntsitutako bi familiengan" soilik pentsa dezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea bideoak Gaurko titularrak Irun Albisteak Giza hilketak