Gizartea -
Bizkaia
Juan Jose Etxeberria irakaslea, Deustuko Unibertsitateko errektore berria
Zuzenbidearen Filosofian irakasle titularra da Zuzenbide Fakultatean, eta Loiolako Probintziako jesuiten probintziala izan zen 2008tik 2014ra. Lehenago, Zuzenbide Fakultateko dekanordea eta Nortasun eta Misioko errektoreordea ere izan zen.
Agentziak | EITB Media
Juan Jose Etxeberria Zuzenbide Fakultateko irakasle eta Unibertsitate Komunitate eta Agenda 2030ko errektoreordea Deustuko Unibertsitarteko errektore berri izendatu dute, hiru agintalditan karguan jardun duen Jose Maria Guibert Ucinen ordez.
Etxeberria (Tolosa, 1966) 1984an sartu zen Ignazio Loiolakoak sortutako ordena erlijiosoan, eta 1995ean apaiztu zen. Prestakuntza akademikoa Deustuko Unibertsitatean, Parisko Institutu Katolikoan eta Gregorianako Unibertsitatean (Erroma) garatu zuen, eta Zuzenbide Kanonikoan doktoratu zen.
Zuzenbidearen Filosofia irakasten duen Zuzenbide Fakultateko irakasle titularra Loiolako Probintziako jesuiten probintziala izan zen 2008tik 2014ra, Espainiako probintzia jesuitak bakar batean bateratu zirenean.
Lehenago, Zuzenbide Fakultateko dekanorde eta Nortasun eta Misioko errektoreorde izan zen. 2015etik, Etxeberriak hainbat kargu izan ditu Deustun, unibertsitate komunitateko errektoreorde gisa.