Gizartea -
Epaiketa
Gasteizen desgaitasuna zuen gazte bat ustez hil zuen gizonaren aurkako epaiketa, Arabako Lurralde Auzitegian
Hilketa 2020ko uztailean jazo zen Gamarrako pabiloi abandonatu batean. Aurrez pentsatutako eta azpikeriaz egindako erailketa delitua egotzi dio Fiskaltzak, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatuko du ustezko hiltzailearentzat.
EITB Media
Gamarra auzoan (Gasteiz) abandonatutako pabiloi batean desgaitasuna zuen 20 urteko gizonezko bat ustez hil zuen gizonaren kontrako epaiketa hartuko du gaurtik aurrera Arabako Lurralde Auzitegiak.
Epaiketaren lehen saioan, herri epaimahai osatu eta aurretiazko eginbideak egingo dituzte. Arratsaldean, akusatuak deklaratuko du.
Gertakariak 2020ko uztailaren 23an jazo ziren, La Peña kaleko pabiloi batean, akusatua eta biktima bakarrik zeudela. Fiskaltzaren idatziaren arabera, auzipetuak mozkortu eta drogatu egin zuen biktima, pattarra eta pilulak hartzera behartuz.
Une jakin batean, Fiskaltzaren arabera, akusatuak objektu batekin kolpatu zuen biktima —% 65eko desgaitasuna zuen—, eta, ondoren, indarkeria erabilita, hil.
Auzipetuak (hilketaren unean 18 urte zituen) hasiera-hasieratik aitortu zuen krimena.
Aurrez pentsatutako eta maltzurkeriaz egindako hilketa leporatu dio Fiskaltzak auzipetuari, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatuko du harentzat.