Gizartea -

Kartzelak

Euskadik lehen graduko presoentzako moduluak izango ditu 2024ko martxoan

Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du erregimen itxiko modulu bat izateko EAEko hiru espetxeetako batean edo batzuetan, baina oraindik ez dago erabakita zenbatetan. Aurreko astean argitaratutako txosten batean, Arartekoak lehen graduko presoentzako moduloak sortzeko eskatu zuen.

Bizkaia Espetxea, Basaurin. Irudia: EITB
Bizkaia Espetxea, Basaurin.
Euskadik lehen graduko presoentzako moduluak izango ditu urtebete barru

02:23

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadik erregimen itxiko moduluak izango ditu lehen graduko presoentzat 2024ko martxoaren 31 baino lehen, Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko iturriek iragarri dutenez.

Horrela, EAEko Exekutiboak konpromisoa hartu du erregimen itxiko modulu bat izateko Euskadiko hiru espetxeetako batean edo batzuetan, baina oraindik ez dago erabakita zenbatetan.

Justizia Sailaren 2023ko otsaileko azken datuen arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko kartzeletan dauden 1.620 presoetatik 452 hirugarren graduan daude, 871 bigarrenean eta 2 bakarrik daude lehen graduan. Bestalde, 295 preso sailkatu gabe daude. 192 preso prebentiboak dira eta 1.428 kondenatuak.

Aurreko astean argitaratutako txosten batean, Arartekoak Jaurlaritzari eskatu zion lehen graduko presoentzako moduluak sor ditzala; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kartzelek ez dituzte modulu horiek, eta Euskaditik kanpoko espetxeetara eramaten dituzte, eta horrek "presoen birgizarteratzea zailtzen du".

Euskadik 2021ean jaso zuen espetxeen gaineko eskumena, eta Justizia Saileko iturriek azaldu dutenez, hiru kartzelek ez zuten garai hartan lehen graduko modulurik, eta, beraz, "oinordetzan hartutako egoera" da.

Espetxe Zuzendaritzak, eskumena eskualdatu aurretik, lehen graduko presoak erregimen itxiko modulu horiek zituzten kanpoko espetxeetara eramaten zituen, Palentziako Dueñas kartzelara, esaterako.

Orain, transferentzia egin ostean, EAEtik kanpo ere eramaten dituzte, lehen gradua kendu arte, eta, presoa Euskadin errotuta badago, itzuli egiten da.

Hartzen den beste irtenbide bat da Euskadiko espetxeetan egotea, baina baldintzak gogortuz, lehen gradu baten antzeko neurriak izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Presoak Arartekoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak