Gizartea -

Eraso matxistak

32, 33 eta 50 urteko hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen, indarkeria matxista egotzita

Ostegunean gizon bat atxilotu zuten San Kristobalen bikotekidea eta haren semea jotzeagatik. Beste gizon bat atxilotu zuten larunbatean Adurtzan, bikotekideari eraso egiteagatik. Astelehenean, hirugarrena atxilotu zuten Arriaga-Lakuan, sexu-eraso delitu bat egotzita.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan 32, 33 eta 50 urteko hiru gizon atxilotu dituzte Gasteizen, indarkeria matxista egotzita.

50 urteko gizon bat atxilotu dute bikotekideari eraso fisiko eta sexuala egitea egotzita. Bikotekidea hiriko ospitale batean artatu behar izan dute.

Udaltzaingoak larunbatean atxilotu zuen gizona, patruila bati Adurtza auzoko bere etxean emakume bat arriskuan egon zitekeela ohartarazi ziotenean.

Etxera iritsitakoan, udaltzainek biak elkarrizketatu zituzten, eta emakumeak esan zuen irainak, eraso fisikoak eta sexu-erasoak jasaten zituela etengabe; azkenenegoz, egun horretan bertan.

Biei entzun eta biktimak lesioak zituela egiaztatu ondoren, udaltzainek gizona atxilotu zuten, eta, agenteen aurrean, emaztea iraindu eta heriotza-mehatxuak egin zizkion.

Biktima ospitalera eraman zuten, eta atxilotua epailearen esku utzi zuten igandean, indarkeria eta sexu-eraso jarraituak egotzita.

Astelehenean, 32 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, sexu-eraso delitu bat egotzita, Arriaga-Lakua auzoko taberna bateko terrazan zegoen neska bati masailean musu emateagatik eta bularra ukitzeagatik.

Biktimaren bikotekideak kargu hartu zionean, gizona handik joan zen, baina handik gutxira, atera zioten argazki bati esker, agenteek aurkitu egin zuten, eta epailearen esku utziko dute gaur.

Azkenik, ostegunean, 33 urteko gizon bat atxilotu zuten, bikotekidea eta haren semea jotzeagatik San Kristobal auzoko etxebizitza batean.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Sexu erasoak