Gizartea -
POLIZIA OPERAZIOA
Hiru pertsona atxilotu dituzte haxixa Malagatik Oiartzunera ekarri eta Gipuzkoan zabaltzea egotzita
Atxilotuei droga trafikoa eta talde kriminaleko kide izatea leporatzen diete. Horietako bi espetxeratu egin ditu epaileak, eta hirugarrena kautelazko neurriekin aske utzi du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Polizia Nazionalak hiru pertsona atxilotu ditu Donostian, Malagatik Oiartzunera haxixa ekarri eta ondoren Gipuzkoako tokiko saltzaile txikien artean banatzea egotzita.
30 eta 32 urte bitarteko atxilotuei droga trafikoa eta talde kriminaleko kide izatea leporatzen diete.
Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak espetxeratu egin ditu hiru atxilotuetako bi, eta kautelazko neurriekin aske utzi du hirugarrena.
Santiago operazioa 2022ko urrian abiatu zen, agenteek egiaztatu zutenean hiru gizonek ibilgailuak alokatzen zituztela Malagara joan, haxixa erosi eta Oiartzunera itzultzeko.
Frogak bildu ondoren, martxoaren 29an, hiru pertsona atxilotu eta taldeko ustezko buruaren etxebizitza miatu zuten.
Miaketan, 30 kilogramo haxix eta 33 gramo speed konfiskatu zituzten. Gainera, 1.250 euro, baskula bat, dirua kontatzeko makina bat, geolokalizatzeko bi gailu, lau eskuko telefono eta SIM txartel bat atzeman zizkieten.