Gizartea -
Turismoa EAE-n
Turismoa iazko datuen azpitik egon da aurten Aste Santuan
Sektoreak egindako lehen balantze baten arabera, bost egun hauetan % 80-90ekoa izan da okupazioa hotel eta landetxeetan, 2022koa baino apalagoa, dena dela. Joseba Goirigolzarri Destino Bilbaoko bozeramaileak esan duenez, datozen bi urteotan ez dute espero pandemia aurreko datuetara heltzea.
EITB Media
Aste Santua bukatzear dela, bost opor egun hauek turismoan izan duten eraginari buruzko lehen balantzea egin du sektoreak. Euskadi Irratiak bildutako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hoteletako eta nekazal turismoko etxeetako okupazioa % 80-90ekoa izan den arren, beherakada sumatu dute iazkoarekin alderatuta.
Joseba Goirigolzarri Destino Bilbaoko bozeramaileak azaldu duenez, Bizkaiko hiriburuko hotelen okupazioa % 90ekoa izan da Aste Santuan, eta % 60-65eko espero dute Pazko Asterako, azken orduko erreserbei esker. Datuok iazko kopuruak baino eskasagoak direla azpimarratu du, pandemiaren aurretik izandakoetatik urrun oraindik. "Pandemia aurretik, 2018 eta 2019 urteetan, emandako datuetara ez gara heldu eta ez dugu espero heltzea datozen bi urteetan", azaldu du.
Goirigolzarriren hitzetan, nabarmena izan da atzerriko turismoaren pisua, bereziki bisitari frantsesena.
EAEko nekazal turismoko etxeei dagokienez, % 80 inguruko okupazioa izan dute Aste Santuan, iazko baino apur bat apalagoa. Azken orduko erreserben zain, Pazko Asterako % 26ko okupazioa dute bermatuta, iazkoa baino sei puntu txikiagoa. Halere, iazko Aste Santua berezia izan zela gogorarazi du Idoia Ezkurdia Nekaturreko gerenteak, pandemia ostean jende oldea jaso zutelako.
Turistaren profilari dagokionez, bertakoak nagusi izan direla argitu du Ezkurdiak eta Araban izan dituztela datu onenak. Aurten, gainera, beste joera bat igarri dute: "Iaz, orokorrean, lau gaueko egonaldiak izan genituen batik bat, aurten hiru gau izan dira gehientsuenak".
Donostiako hoteletako okupazio datuen faltan, Aquariumak jakinarazi du 11.822 bisitari jaso dituztela ostegun eta igandea bitarte (astelehen honetako datuak zenbatzeke dituzte), eta Aste Santuko oporretan 14.000 bisitarira, iazko datuetara, heltzea aurreikusi dute.
Azken datu bat: Euskal Herriko aireportuetan (Bilbo, Hondarribia, Foronda, Noain eta Biarritz) 170 hegaldi baino gehiago dira gaur programatuta, hots, hegaldi gehien izango duen opor eguna izan da gaurkoa.