Gizartea -

Eguraldia

Euria nagusi, Pazko Astean

Aste hasiera epela izango dugu eta eguzkia gailenduko da asteartera arte, baina asteazkenean fronte hotza iritsi, haizea zakartu eta euritara joko du hurrengo egunetan.

Hodei ilunak Bakion, gaur goizean. Argazkia: Jabier Sarriugarte
Hodei ilunak Bakion, gaur goizean. Argazkia: Jabier Sarriugarte
Hodei ilunak Bakion, gaur goizean. Argazkia: Jabier Sarriugarte

I.L.K. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko giro eguzkitsuaren atzetik, aste hasiera epela izango dugu Pazko Astean, asteartera arte eguzkia gailenduko delarik. Asteazkenetik aurrera, ordea, fronte hotza iritsiko da, eta horrek haizea zakartu egingo du, datozen egunetarako gurean euritarako joera uztearekin batera.

Hala, Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, gaur tenperaturak behera egingo du eta atzo baino hodei gehiago ikusiko dugu. Egunaren hein handi batean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira, eta ugariagoak izango dira arratsalde-gauetik aurrera; orduan behe-hodeiak ere sartuko baitira.

Haizea iparraldetik finkatzen eta indartzen joango da, batez ere eguerditik aurrera, eta ez dio tenperaturari atzo bezainbeste igotzen utziko. Beroenak 20 ºC ingurukoak izango dira; kostaldean apur bat baxuagoak izan daitezke eta, barnealdean, berriz, pittin bat altuagoak.

Asteartean hodei gehiago izango ditugu goizean, baina arratsaldean giro eguzkitsua gailenduko da. Goizean hodeitza trinkoa izango da ipar isurialdean, eta ez da baztertzen puntualki zirimiri pixka bat egitea. Dena den, ez du askorik egingo eta gainera arratsalderako garbitzera egingo du.

Hegoaldean, aldiz, goizean goizetik giroa argiagoa izango da, goi-hodei batzuekin. Goizean haizea ahul eta aldakor ibiliko da, eta arratsaldean ipar-ekialdetik joko du. Hodeitza dela eta, ipar partean tenperatura minimoak apur bat igoko dira, baina hegoaldean ez dira askorik aldatuko. Maximoak, berriz, zertxobait igoko dira barnealdean.

Asteazkenean fronte hotz bat iritsiko da eta eguraldia goitik behera aldatuko da. Goizean goiz giroa lasaia izango da oraindik eta hego-mendebaldeko haize leuna ibiliko da. Goizak aurrera egin ahala , berriz, ipar-mendebaldeko haizea zakar sartuko da, hodei trinkoak iritsiko dira eta euritara joko du; kostaldean bustiko du lehenbizi, eta ondoren euria orokortu eta lurralde osora iritsiko da.

Aldaketaren ostean, tenperaturak behera egingo du eta horrekin batera elur-kotak ere bai; egunaren amaieran litekeena da 1.500 metrotik jaistea.

Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Iparraldea bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak