Gizartea -
''Bai bakarrik da bai'' legea
"Bai bakarrik da bai" legearen zuzenketak erregistratu ditu Unidas Podemosek, EH Bildu eta ERCren ildotik
Koalizioak ez du PSOErekin akordiorik lortu araua aldatzeko. "Inbestiduraren gehiengo osoa ildo beretik joateak hausnarketa eragin beharko lioke PSOEri, gehiengo feministarekin akordio bat lor dezan", esan du Berdintasun ministroak.
Agentziak | EITB Media
Unidas Podemosek "Bai bakarrik da bai" legearen bere zuzenketak erregistratu ditu. Koalizioaren proposamena indarkeria eta larderia astungarri gisa sartzea da, eta ez azpimota gisa, sozialistek nahi duten bezala. Ez du PSOErekin akordiorik lortu.
Victoria Rosell Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernuaren ordezkariak Unidas Podemosen zuzenketak defendatu ditu, "legearen aplikazioa hobetzeko" direlako, baina "ez atzera egiteko, desegiteko edo onespenaren sistema degradatzeko".
Rosellen ustez, "oreka" hori bideragarria da erreforman, eta gogorarazi du Gobernua sostengatzen duen Legebiltzarreko "gehiengo feminista eta aurrerakoia" modu horretan oinarritzen ari dela bere zuzenketak. Gainera, gogorarazi duenez, nazioarteko gomendioak ildo beretik doaz.
Zentzu horretan, Berdintasun Ministerioak posible ikusten du PSOErekin azken akordio bat lortzea osteguna baino lehen Diputatuen Kongresuan, zuzenketak bozkatuko direla aurreikusten denean.
Irene Montero Berdintasun ministroak azaldu duenez, joan den astean EH Bilduk eta ERCk aurkeztutakoen "ildotik" joango dira.
"Proposamenak egingo ditugu erakunde bakoitzaren autonomiatik eta alderdi bakoitzaren autonomiatik inbestiduraren gehiengoaren barruan, ildo beretik, hau da, egoera larrigarri bezala indarkeriari pisua emateko", azaldu du.
Ministroak "argi" du baimenak legearen "erdigunean" jarraitu behar duela. Hala ere, "inbestiduraren gehiengoak, plurinazionala, aurrerakoia eta batez ere feminista, hilabete asko daramatza koordinatuta lanean, eta biktimei eta gizarteari erantzun bat eman behar zaiela uste du, zigorrak murrizteko erabaki judizialen aurrean".
Bere ustez, ezinezkoa da "Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Popularraren artean adostutako erreforma bat feminista izatea". "Guk uste dugu garrantzitsua dela erreformak lege hori hobetzea, eta ez emakumeen eskubideetan atzera egiteko erabiltzea", esan du.
Hori dela eta, uste du PSOEk "hausnarketa egin beharko lukeela, eta Alderdi Sozialistaren eta gobernu hau babesten duen gehiengo feministaren arteko akordioa posible egin beharko lukeela".