Gizartea -
ESPETXEAK
Lehen graduko presoentzako moduloak sortzeko eskatu dio Arartekoak Eusko Jaurlaritzari
Lehen graduan dauden presoak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora lekualdatzen dituzte, ez baitago gradu horretako erregimen itxiko modulorik EAEko kartzeletan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arartekoak, EAEko herriaren defendatzaileak, lehen graduan dauden presoentzako moduluak sortzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, hiru euskal kartzelek ez dute erregimen itxiko modulurik gradu horretan dauden presoentzat, eta EAEtik kanpoko espetxeetara lekualdatzen dituzte, presoen "birgizarteratzeari kalte" eginez, Manu Lezertuak adierazi duenez.
Preso batek jarritako kexari erantzuna emanez, egin du eskaria Arartekoak. Iazko uztailean, borroka handi batea parte hartu zuen preso batek Basauriko espetxean eta horren ondotik, lehen gradura itzuli zuten, gogorrenera. Aurrena, Zaballako espetxera lekualdatu zuten (Araba), eta, ondoren, Dueñasera (Palentzia).
Presoak kexa jarri zuen eta Arartekoak EAEn egotea komeni dela ebatzi du. Arartekoak ez du zalantzan jartzen presoa lehen gradura itzularazi izana, baina zigorra bertan ez betetzeak birgizarteratzea oztopatzen duela adierazi du. Erregimen horretako modulorik ez dagoela eta, horiek sortzeko eskatu dio Eusko Administrazioari.
2021ean espetxeen eskuduntza sinatu zenean, "Estatuarekin lankidetzan aritzea" aurreikusten zen eta horren baitan lekualdatzen dira preso horiek erkidegotik kanpoko espetxeetara. Arartekoaren esanetan, lankidetza hori "funtsezkoa da, espetxe-sare zabalago batean sartzeko aukera ematen baitu", baina gogorarazi du Espetxeen Lege Organiko Orokorrak dioela "ahalegina egingo dela lurralde-eremu bakoitzean espetxe kopuru nahikoa izan dadin, premiei erantzuneta zigortuen deserrotze soziala saihesteko".
Hori dela eta, Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio presoen gizarteratzera bideratutako lehen mailako erregimen bat sor dezala EAEko kartzeletan, "espetxe-administrazio integral bati dagokion bezala". Izan ere, Arartekoak dio zigorra Euskaditik kanpo betetzeak "deserrotzea eta pertsonaren birgizarteratzeari kalte egin diezaiokeela, aske geratzen denean itzuliko den tokitik aldenduz".