Gizartea -
Manifestazioak EAE
Apirilaren 22an Osakidetzaren "suntsitze programatuaren" aurka manifestatzera deitu dute
'Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak' salatu duenez, erizainekin betetzen ari da Osakidetza, Aste Santuko oporrengatik, familia-medikuek etengabeko arreta puntuetan utzitako hutsuneak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Datorren apirilaren 22an EAEko hiru hiriburutan osasun publikoaren defentsaren alde izango diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu du 'Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataforma' koordinakundeak, "Osakidetzaren suntsitze programatuaren kontra" egiteko helburuz.
Ohar baten bidez koordinakunde horrek salatu duenez, EAEko osasun sistema publikoaren egoera "puntu kritiko batera" iritsi da. Zentzu horretan, azpimarratu du Aste Santuko oporrak direla eta, Osakidetzak "arazo handiak ditu etengabeko arreta puntuetan medikuak ordezkatzeko".
"Epe luzerako irtenbideak bilatu beharrean, Osasun Zerbitzu Publikoaren kalitatea arriskuan jartzen duen aldebakarreko erabakia hartu du, hau da, medikuak erizainekin ordezkatzea", salatu du koordinakundeak. "Erizainak funtsezkoak dira, baina ezin dute medikuak ordezkatu. Familia-medikuak ez egoteak arriskua dakar herritarren osasunerako eta segurtasunerako", kritikatu dute. "Osasun sailburuak behin eta berriro emandako justifikazioa da ez dituela lehen arretako medikuak ordezkatzeko langile nahikorik", gaineratu du.
Osakidetzaren "suntsitze programatua"
'Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak' "irmo" gaitzetsi du Eusko Jaurlaritzaren jarrera, "osasun sistema publikoan erabakiak hartzeko edozein parte-hartze modua desgaitu duelako". "Langile faltaren arazoaren aurrean, irtenbide jasangarriak bilatu beharrean, Jaurlaritzak bere ideiak eta erabakiak inposatu ditu, modu aldebakarrean", deitoratu du.
Hori dela eta, herritarrei dei egin die apirilaren 22an EAEko hiri hiriburutan "kalera ateratzeko". "Argi dago Osakidetzan suntsitze programatua izaten ari dela, herritar guztien eskubidea izan behar dena esku pribatuetan uzten ari delako", adierazi du.
Koordinakundearen esanetan, "unea da euskal osasun sistema publikoaren alde herritarrek euren ahotsa altxatu dezaten, osasun arretaren kalitatea ezin baita interes pribatuaren mende geratu". "Funtsezkoa da pertsona guztiok, herritarrok eta osasun langileak, batzea irtenbideak eskatzeko. Merezi dugun kalitatezko osasun arreta berreskuratzeko borroka egin behar dugu", amaitu du.