Gizartea -

Trafikoa

Errepideetako egoera normaltasunera itzuli da, goizean ilara luzeak izan ostean, batez ere Kantabriako mugan

Bestalde, trafikoa normala da berriro Zarauzko eta Biriatuko ordainlekuetan. AP-8an. Arratsaldean, Santurtzin hasi eta bukatuko den Itzuliaren eraginez, A-8ko hainbat irteera itxi beharko dituzte tarte batez.

A-8ko Bizkaiko zatian sortu dira ilara luzeenak. EITB Media
A-8ko Bizkaiko zatian sortu dira ilara luzeenak.
A-8an 15 kilometroko auto-ilarak sortu dira Bizkaian, Barakaldotik Kantabriako mugaraino

0:42

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko oporren irteera operazioaren bigarren egun honetan, nabarmenak izan dira ibilgailuen joan-etorriek errepideetan eragindako trabak. Ilara luzeak, 15 bat kilometrokoak, sortu dira goizean A-8an, Bizkaian eta Kantabriako noranzkoan, Barakaldotik Kantabriako mugara arte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Eguerditik aurrera, ilarak gutxitzen joan dira, eta 15:30 aldera, trafikoa normaltasunera itzuli da Kantabriako mugan.

AP-8an, baina Gipuzkoako zatian, ilarak izan dira, 7 kilometroko artekoak, Zarauzko eta Biriatuko bidesarietan, Ipar Euskal Herrira bidean. Eguerditik aurrera normaltasunera itzultzen hasi da trafikoa.

Gainera, goizean goizetik  AP-1ak eta A-1ak bat egiten duten gunean —Armiñon parean—, pilaketak sortu dira. 1-2 kilometrokoak izan dira goiz guztian Burgoseko noranzkoan.

Zirkulazio handia dago, halaber, AP-68an, Zaragozarantz, eta A-15ean, Iruñerako bidean.

08:30etik 16:00etara espero dira joan-etorri gehien. 200 ertzain inguru daude zaintza lanetan eta trafikoa kontrolatzen, zirkulazioa arintze aldera. Gainera, berrikuntza gisa, Jaurlaritzak garabi-zerbitzu hitzartua jarriko du Uriosten (Ortuella, Bizkaia) eta Kantabriako noranzkoan, 09:00etatik 20:00etara. 

Istripuei dagokienez, lau pertsona —bi heldu eta bi adingabe— zauritu dira euren autoa bidetik irtenda AP-68an, Erriberabeitin (Araban) eta Bilboko noranzkoan. 07:30ean izan da istripua. 

Trafiko Zuzendaritzak aurten eta batez beste 522.000 joan-etorri espero ditu EAEtik ateratzeko, eta beste hainbeste irteteko. Iaz baino apur bat gehiago da hori. 

Itzuliak trafikoan izango duen eragina

Irteera operazioari Euskal Herriko Itzuliak errepideetan izango duen eragina batu beharko zaio. Izan ere, 4. etapa Santurtzin hasi eta bukatuko da gaur, eta ondorioz, hainbat unetan, A-8ko irteera batzuk itxita egongo dira. Hauek dira aurreikusitako traba nagusiak, 13:00etatik aurrera: 

BI-3651 errepidean, Kastrexana eta Sodupe artean, 13:15 aldera auto-ilara batzuk sor litezke, eta BI-636 errepideko (Cadaguako korridorea) irteeretan izan dezakete eragina.

Eraginik handienak 15:45etik aurrera espero dira, une horretan lasterketa Muskizen sartuko da, eta BI-734 errepidean barrena Carreras eta Nocedaletik igaroko da Santurtzi, Zierbena, Arena hondartza eta Pobeña aldera; handik BI-734 errepidera itzuliko da Muskizera, eta BI-2701 errepidea berriro hartuta, Zugaztietara igoko da, eta handik Trapagaranera, BI-3755 errepidetik jaitsi, hortik Portugaleterantz jo, eta Santurtzin amaitzeko. Hala, A-8 autobidean hainbat tarte itxiko dira: 

130. irteera. Santurtzi-Ortuella, Donostiako noranzkoan15:15 eta 16:45 bitartean itxiko da, gutxi gorabehera, trafikoa Santurtzira irtetea eragozteko, eta irekita egongo da Bilbo-Donostia noranzkoko zirkulazioa.

138. irteera. El Haya-Cobaron, Kantabriarako noranzkoan15:30 eta 17:00ak bitartean itxiko da, gutxi gorabehera, trafikoa El Haya-Cobaron aldera irtetea eragozteko, eta irekita egongo da Kantabriarako noranzkoko zirkulazioa.

127A. eta 127B. irteera. Portugalete-Sestao eta Ortuella-Trapagaran, Kantabriarako noranzkoan.

16:15 eta 17:30 bitartean itxiko da, gutxi gorabehera, trafikoa aipatutako erreietatik irtetea eragozteko, eta libre egongo da Santurtzi erdialdekoa. Zirkulazioaren hirugarren eten hori Metropoli Hegoaldeko Saihesbideko mezu aldakorren paneletan jakinaraziko da.

Aldi berean, zirkulazioa etengo da eta arautuko da leku hauetan:

N-644 errepidetik Santurtzirako irteera, 15:30 eta 16:15 bitartean.A-8 136. irteera Arena, Pobeña eta Muskiz aldera, 15:45 eta 16:30 bitartean.A-8, 127. irteera Portugalete, Sestao, Ortuella eta Trapagaran aldera Bilborako noranzkoan, 16:30 eta 17:15 bitartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Ertzaintza Santurtzi Gizartea Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea Aste Santua A-15 albisteak AP-68 autobideko istripuak gaur Kantabria