Gizartea -

Bizkaia

Adingabe atzerritarren zentroetan gehiegizko okupazioa saihesteko deia egin dio Arartekoak Bizkaiko Aldundiari

Zornotzako zentroaren kudeaketa eta, sute baten ondorioz hura itxi eta haren ordezkoa bihurtu zen Galdakaoko Viveroko egoitzako baldintza eskasak aztertu ditu Herriaren Defendatzaileak. Gainera, gomendatu dio gara ditzala programa espezializatu berriak portaera-arazoak dituzten nerabeentzat.

Zornotzako zentroa, 2021eko sutearen ondotik. Artxiboko argazkia: Iker Salgado
Zornotzako zentroa, 2021eko sutearen ondotik.
Zornotzako zentroa, 2021eko sutearen ondotik. Artxiboko argazkia: Iker Salgado

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Familia erreferenterik ez duten adingabe atzerritarrak "segurtasunez eta duintasunez" hartzeko duen betebeharra gogorarazi dio Arartekoak Bizkaiko Foru Aldundiari, eta, ildo horretan, Zornotzako zein Galdakaoko zentroetan atzemandako gehiegizko okupazioa saihesteko deia egin dio. Lehendik ere (2018an beste ebazpen bat eman zuen) gainokupazioa saihesteko eskaera egina zion Arartekoak Bizkaiko Aldundiari. 

Gaur kaleratutako ebazpen batean, Euskadiko Herriaren Defendatzaileak azpimarratu du foru erakundeak programa espezializatu berriak garatu beharko lituzkeela portaera arazoak edo portaera arazo larriak dituzten nerabeentzat. Arartekoaren ustez, Aldundiak "baliabide dibertsifikatu eta egokien sare bat" osatu behar du "mutiko horietako batzuen premia bereziei erantzun" ahal izateko. 

Aldundiak adingabe atzerritarrentzat Zornotzan zuen zentroaren —2021ean itxi behar izan zuten, sute bat tarteko— kudeaketa eta Galdakaon duen Viveroko egoitzaren "baldintza eskasak eta gehiegizko okupazioa" aztertu ostean eman ditu aholku horiek Arartekoak. 

Bizkaiko Foru Aldundiak Zornotzako zentroa berriro zabaltzeko asmoa zuen aurtengo lehen hiruhilekoan, lehen harrera egiteko aurrekoa ez bezalako eredu batekin eta erakunde kudeatzaile berri batekin. Guztira, 42 plaza izango omen ditu zentroak. Arartekoaren arabera, "oraindik zehaztu behar dute zein neurri osagarri hartuko dituzten adingabe gehiago iristen diren garaietarako, zentroen gehiegizko okupazioa saihesteko, eta zein errekurtso espezializatu jarriko dituzten martxan portaera arazo larriak dituzten mutiko horien beharrizanei erantzuteko". 

Defendatzaileak 2021eko amaieran abiatu zuen Bizkaiko bi zentroak aztertzeko prozedura, herritar batek erreklamazioa egin ondoren. Salaketa horren arabera, Galdakaoko zentrora bideratu ziren Zornotzan zeuden adingabeak, eta baldintza eskasetan izan zituzten. Prozedura horren barruan, 2022an zehar hainbat bisita egin zituen Arartekoak Viveroko zentroan, eta horietan egiaztatu zuenez, gehienetan gainokupatuta topatu zuen egoitza (batez beste, zegokiona baino 20 bat pertsona gehiago zeuden): 2022ko urrian zenbatu zuten gehiegizko okupazio kopuru handiena, zegozkiona baino 39 pertsona gehiago zenbatuta. 2022ko abenduan sutea piztu zen Galdakaoko zentroan, eta kiskalita geratu ziren 20 adingaberen logelak. 

Manu Lezertuak zuzentzen duen bulegoak gogorarazi duenez, Aldundia da "adingabe atzerritarrak segurtasun eta duintasun baldintzetan hartuko dituen premiazko harrera-programa" bermatzearen erantzulea. Horren harira, "harrigarria" egin zaio Arartekoaren eskeen aurrean Aldundiaren Haurtzaroaren Zerbitzuak emandako erantzuna —zentroak kudeatzen zituzten enpresa pribatuei eskatu zien gehiegizko okupazioaren ondoriozko arazoak konpontzeko—.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao Migrazioa Bizkaia Zornotza Arartekoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Bizkaiko Foru Aldundia Durangaldea