Gizartea -
Mugikortasunaren azterlana
Autoz egindako joan-etorriak % 4,5 igo ziren 2021ean EAEn, oinez egindakoen kaltetan
Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera, desplazamenduen ia erdiak oinez egiten dira, eta % 39,8, ibilgailu pribatuarekin. Bizikleta oraindik gutxi erabiltzen da (% 1,9), Gasteizen joan-etorrien % 8ra heltzen badira ere eta Donostian % 4 ingurukoak izan arren.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
2016ko datuekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) autoz egindako joan-etorriak % 4,5 igo ziren 2021ean, oinez egindakoen kaltetan, horiek % 4,6 egin baitzuten behera, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak egindako "Euskal Autonomia Erkidegoko Mugikortasunaren Azterlana"ren arabera.
Pandemiaren mugikortasun murrizketek bete-betean eragin dute txostenean, eta hori horrela, Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak nabarmendu duenez, desplazamenduak % 3 jaitsi ziren, 6,5 milioiraino, hainbat urtez goraka egon ostean.
Duela bi urteko datuen arabera, joan-etorrien ia erdiak (% 44,3) oinez eta bizikletaz egin ziren, eta 10 desplazamendutik 4 (% 39,8), ibilgailu pribatua erabilita. Garraio publikoari dagokionez, mugimenduen % 7,1 autobusez egin ziren, eta % 5,8, trenez edo tranbiaz.
Bizikleta apenas erabiltzen dugula jarri du agerian azterlanak (% 1,9an dago EAEko batezbestekoa). Dena dela, Gipuzkoan gehiago erabiltzen dute (% 2,3, batez beste, eta Donostian, % 4,4) eta are gehiago Araban (% 6,7). Gasteizen, ia 10 desplazamendutik 1 txirrindulaz egiten da (% 8) . Ifrentzuan, Bizkaian eta Bilbon ez da % 1era heltzen (% 0,7 eta 0,9, hurrenez hurren).
Matxismoak ere eragina du mugikortasunean
Azterlanak agerian jarri du alde nabarmena dagoela sexuaren arabera garraiobide ezberdinen bidez egindako joan-etorrietan. Gizonek gehiago erabiltzen dituzte autoa eta motorra (euren joan-etorrien erdietan); emakumeak, aldiz, gehiago mugitzen dira oinez, bizikletaz —joan-etorrien % 50,2— eta garraio publikoa erabilita.
Aldeak nabarmenak dira egindako ibilbideetan (gehienak, % 69,3, herri barruan, gizonenak baino 11 puntu gehiago) eta joan-etorrien arrazoietan; izan ere, kasu honetan atzeman da zaintza emakumeek hartzen dutela euren gain, eta beste pertsona bat laguntzeko, erosketak egiteko eta etxeko edo familiako gestioak egiteko joan-etorriak gizonenak baino zazpi puntu gorago daude.
Ezberdintasunak hiriburuen artean
Hiriburuaren arabera, mugikortasunean aldaketak azalarazi ditu txostenak. Bilbon, oinez egindako desplazamenduak dira nagusi (10 joan-etorritik ia 7) eta kasuen % 10ean bakarrik erabiltzen da autoa. Gasteizen, berriz, oinez egiten diren joan-etorrien eta autoz egiten direnen artean 10 puntuko aldea baino ez dago. Era berean, txirrindula beste inon baino gehiago erabiltzen da. Donostian, autobusaren erabilerak pisu nabarmena du (% 16,1), Gasteiz edo Bilboko datuekin alderatuta. Gipuzkoako hiriburua da motor bidezko desplazamendu gehien dituena (joan-etorrien % 4,3; beste hiriburuetan, aldiz, % 0,6 egiten dira motorrez).