Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Donostiako gotzainak, abusuez: "Eliza ez da ondo aritu, baina gauzak egiten dabil gertatutakoa gainditzeko"

Fernando Pradok Euskadi Irratian esan du "sexu abusuen afera" ez dela Elizan soilik jazo. "Fokua Elizan soilik jarrita, ez dugu arazoaren egia bere sakontasunean kontuan hartzen. Benetako arazoa gizartearena da", berretsi du.

Donostiako gotzain Fernando Prado. Argazkia: EITB Media
Donostiako gotzain Fernando Prado
Donostiako gotzain Fernando Prado. Argazkia: EITB Media

play icon 26:50

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako gotzain Fernando Prado elkarrizketatu dute gaur, astelehenarekin, Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan, Jose Ignacio Munillaren lekua hartu zuenetik 100 egun bete direnean.

Euskaraz eskainitako lehen elkarrizketan, Elizan gertatutako sexu gehiegikeriak hartu ditu mintzagai, eta onartu duenez, "batzuetan ez ditugu gauzak ondo egin". "Horrek ez du esan nahi ezer ezkutatu nahi genuenik. Abusuak dauden familietan ere gertatzen da zenbait gauza ezkutatzea, beldurragatik, irudia zaintzeko... Gaur egun, gauza asko egiten ari da Eliza gertatutakoa gainditzeko, biktimak erdigunean jarrita", azaldu du. Horren harian, erantsi du Elizan soilik ez direla gertatzen abusuak, alegia, "gizartearen arazoa" dela. "Fokua Elizan soilik jarrita, ez dugu arazoaren egia bere sakontasunean kontuan hartzen", adierazi du. Horregatik, "bidegabea" iruditu zaio Eliza eta gizartea konparatzea. "Gipuzkoan, adibidez, 60 urtean 6 abusu kasu soilik gertatu dira Elizaren baitan", esan du.

Homosexualitateari buruz galdetuta, nabarmendu du bide ezberdinak daudela. "Ez da gauza bera 20 urte edo 40 izatea, ezta bidea modu batean edo bestean egitea ere. Elizak ez du inor zigortu homosexuala izateagatik", gaineratu du.

Elizkizunetan geroz eta jende gutxiago egoten dela onartuta, fedea "berpizten" saiatuko dira, Pradoren hitzetan. "Elizaren planteamendu batzuk ez dira ulerterrazak jendearentzat, eta hori jakin badakigu. Ez du esan nahi gure pentsatzeko edo jokatzeko modu horiek finkoak direnik, baina badugu planteamendu kontrakultural bat; hau da, inoiz ez dugu esango, adibidez, abortuaren alde gaudenik. Beste kontu bat da gisa horrelako gaiak nola bideratzen diren", zehaztu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Irratia euskaraz Eliza Katolikoa albisteak Elizan izandako abusuen kasuak