Gizartea -

Autismoaren Nazioarteko Eguna

160 adin txikikotik 1ek du espektro autistaren barruko nahasmenduetako bat, MOEren arabera

Autismoa ikusarazteko lanean diharduten Gautena eta Marea Urdina elkarteek Urdinduz martxa solidarioa ospatu dute gaur Azpeitian. Espainian 470.000 pertsonak baino gehiagok dute autismoa, baina emakumeak azpidiagnostikatuta daude, generoagatik tratu desberdina ematen dietelako.

Urdinduz martxa solidarioa Azpeitian.
Urdinduz martxa solidarioa Azpeitian.
Urdinduz martxa solidarioa Azpeitian.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

160 adin txikikotik 1ek du espektro autistaren barruko nahasmenduetako (EAN) bat, Munduko Osasun Erakundearen arabera. Dena dela, bestelako ikerketen arabera, 100 umetik batek du EANa, eta kopuru hori gorantz doa. Igande hau, apirilak 2, Autismoaren gainean Kontzientziatzeko Nazioarteko Eguna da.  

Euskadin, autismoa ikusarazteko aldarrikapen-ekitaldi nagusiak Azpeitian egin dituzte: autismoa nahiz dibertsitate funtzionala duten pertsonen alde lanean diharduten Gautena eta Marea Urdina elkarteen eskutik, antzerkia, hitzaldiak, artea, dantza eta igeriketa egokitutako lehiaketa ere egin dituzte azken egunetan. Itxiera borobila eman diote igande honetan Loiolan hasi eta herriko plazan amaitu den martxa solidarioarekin. Horren ondoren, pintxoak eta umeentzako jolasak prestatu dituzte, sentsibilizazioa eta festa giroa uztartuz.

Nafarroan, berriz, larunbat honetan izan zen ospakizun-eguna, Gaztelu plazan jarritako puzgarri, musika eta dantzarekin, Autismoaren Nafarroako Elkarteak antolatuta.

Espainiar Estatuan 470.000 pertsona baino gehiagok dute autismoa. Izan ere, espektro autistaren barruko nahasmenduaren Espainiako Estrategiaren I. Ekintza-Plana iragarri zuen Espainiako Gobernuak ostiral honetan, martxoak 31n. Uda baino lehen onartuko dute, lau urteko iraunaldia izango du eta bi urtean behin berrikusiko dute.

'Light It Up Blue' sentsibilizazio-kanpaina

'Light It Up Blue' izeneko sentsibilizazio nazioarteko kanpainari esker, mundu osoko milaka eraikin eta monumentu urdinez argiztatuko dituzte igande honetan, EAN duten pertsonei eta euren familiei elkartasuna adierazteko eta euren bizi-kalitatea hobetzeko beharraren gainean ohartarazteko helburuz.

Tratu desberdina generoagatik

Autismoaren lehenengo sintomak haur-garapenaren adin goiztiarrean ematen dira, 12 eta 18 hilabete artean, alegia. Sintoma horiek agerian uzten dute, beste haurrerkin alderatuta, garapen desberdina dutela, baina guraso anitz ez dira ohartzen haurrak hitz egiten hasten duenera arte. Hortaz, umeak hiru urte baino gehiago dituenera arte sarritan atzeratzen da diagnostikoa.

Autismoaren Espainiako Konfederazioak egindako eta 'Frontiers in Psychiatry' aldizkarian argitaratutako ikerketa epidemiologiko baten arabera, autismoa duten pertsonak osasun mentaleko eta nerbio-sistemako arazoak dituzte.

Sexuari erreparatuta, autismoa duten pertsona gehienak gizonak dira (lau gizon eta emakume baten proportzioarekin), baina emakumeak azpidiagnostikatuta daude, generoagatik tratu desberdina ematen dietelako.

Adituen arabera, antsietatearekin lotutako arazoak dira ohikoenak, eskolatik diagnostikatutak, eta heldutasunean, depresioaren aurkako pilulen eta ansiolitikoen preskripzioarekin lotzen dute gehienbat.

Ikerketa horretan parte hartu zuten gazteen artean, arreta defizita eta hiperaktibitatearen barruko nahasmendua da nagusia, eta litekeena da diagnostikoa berandu jasotzea ere. Emakumeek, nagusiek eta desgaitasun intelektuala dutenek tratamendu psikofarmakologikoak jasotzeko aukera gehiago dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak Munduko Osasun Erakundea Ongizatea eta osasuna