Gizartea -

Osasuna

Osakidetzaren Pediatria zerbitzuaren "egoera larria" salatu dute 100 bat familiek Gasteizen

Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataforma osatzen duten 100 bat familiek esan dutenez, "Arabako 43 Pediatria postuetatik, 10 bete gabe ditugu", guztira % 25, eta landa-eremuetan "egoera are larriagoa da".

Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformaren agerraldia, Gasteizen. Argazkia: EITB MEDIA
Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformaren agerraldia, Gasteizen. Argazkia: EITB MEDIA
Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataformaren agerraldia, Gasteizen. Argazkia: EITB MEDIA

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren Pediatria zerbitzuaren "egoera larria" salatu dute Umeen Osasun Publikoa Aurrera plataforma osatzen duten 100 bat familiek gaur Gasteizen egindako agerraldi batean, eta osasun zerbitzu publikoa kudeatzeko moduan "180 graduko bira emateko" eskatu diote Osasun Sailari. Gainera, Etengabeko Arretako Pediatria Gune bat eskatu dute Gasteizerako, eta osasun publikoaren alde apirilaren 22rako hiru euskal hiriburutan deitutako manifestazioarekin bat egingo dutela iragarri dute.

Gasteizen egindako prentsaurrekoan agiria irakurri dute, eta "EAEko Osasun Publikoaren egoeragatik, Pediatria zerbitzuaren egoera larriagatik bereziki, kezkatuta dauden ama, aita eta tutore talde" bezala aurkeztu dute euren burua.

"Osasun-zentroetan pediatria zerbitzuak eskatzera goazenean, askotan, zailtasun askori egin behar diegula aurre", eta kezka hori jakinaraztera ematea da euren helburua. "Administrazioarekin harremanetan jartzeko ezintasuna, itxaro-zerrenda luzeak, arreta presentzialarako zailtasunak, komuneko protokolo falta, gaixo bakoitzentzako denbora laburra, euskaraz artatua izateko ezintasuna edo zailtasuna", aipatu dituzte kezketako artean.

"Lehen arreta desegiten ari dira"

Kasu askotan "ez ditugu erreferentziazko erizainik ezta pediatrarik, ez dituzte bajak, oporrak ezta baimenak ordezkatzen, eta hainbat osasun-zentroetan hilabetez egon dira pediatra barik", deitoratu dute. "Lehen arreta desegiten ari dira", ondorioztatu dute.

"20 urte daramatzate profesionalek EAEn pediatra falta salatzen, eta Administrazioak ez du erantzunik eman", esan du plataforma horrek. "Arabako 43 Pediatria postuetatik, 10 bete gabe ditugu", guztien % 25, eta landa-eremuetan "egoera are larriagoa da".

Ondorioz, "larrialdietara joatea sustatzen dute, horiek kolapsatuz: joan den hilabetean, asteburu batean, 40 adingabe zeuden Txagorritxuko larrialdietarako itxaron gelan", salatu dute.

"Gure seme-alabak artatzen dituzten profesionalei" elkartasuna adierazi diete, "ahal baino gehiago egin dute askotan", hortaz, Etengabeko Arretako Pediatria Gune bat eskatu dute Gasteizerako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Araba Salaketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Medikuen albisteak Umeak