Gizartea -

Trans legea

Mash Elizalde, trans gizona: "Lege berriak askatasuna ekarri digu"

23 urteko iruindarra 2018an hasi zen hormonatzen, baina Trans Lege berria indarrean sartu arte ez ditu bere izena eta sexu aipamena aldatu Erregistro Zibilean, uko egin baitzion medikuaren ziurtagiria inon aurkezteari. Bere erabakiaren zergatia azaldu du.

Mash Elizalde, trans gizona
Mash Elizalde, trans gizona
Mash Elizalde: ''Hormonak hartu nituen nik nahi nuelako, baina ez nuen mediku paper hori aurkeztu nahi''

1:45

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mash Elizalde iruindarrak 23 urte ditu, eta duela bost urte inguru bere trantsizioa hasi zuenetik, Errenteria du bizileku. 2018an hasi zen hormonak hartzen, baina lege berria indarrean sartu arte ez du bere izena eta sexu aipamena Erregistro Zibilean aldatu.

Lege zaharraren arabera, erregistroan agertzen den sexua aldatzeko prozesurako nahitaezkoa zen, alde batetik, bi urtean zehar hormonak hartzea, eta, bestetik, medikuaren ziurtagiria izatea. Mashen esanetan, baina, neurriz kanpoko arauak ziren horiek, eta jazarpena baino gehiago, norberaren erabakia izan beharko litzatekeela uste du.

Berak hormonak hartzeko hautua egin zuen, baina hori egin nahi zuelako. Mediku txostena ere eskuratu zuen, baina argi zuen bera ez zegoela gaixo, eta uko egin zion ziurtagiria inon aurkezteari.

Testuinguru horretan, iruindarrak ez ditu orain arte sexu aipamena eta izena aldatu, eta egunerokotasuna ez dela batere erraza izan aitortu du, beti azalpenak ematen aritu baita. Orain, ordea, Trans Lege berriak aitortzen du pertsonen borondatea dela Erregistro Zibilean sexu aipamena aldatzeko baldintza bakarra, eta pozik eta ilusioz beterik abiatu du izapidetze prozesua.

Nolanahi ere, bidea ez da erraza izaten ari, lege berriak ez baitu aurreikusten erregistroan agertzen den sexua aldatzeko izapidea egun bakar batean egitea; prozesua bi urratsetan egin behar da, hiru hilabeteko tartearekin. Kontuak kontu, horrenbeste itxaron ondotik, hurbil ikusten du aldaketa.

Lege berriaren barruan hutsunerik ikusten duen galdetuta, nabarmendu du hainbat kolektibo garrantzitsu kanpoan utzi direla, hala nola migratzaileak edo binarioak ez direnak. Era berean, garrantzitsutzat jotzen du Gobernuak Administrazioan lan egiten dutenak heztea eta informatzea, lege hori nola bete jakin dezaten. Azkenik, ikastetxeetan eta, oro har, gizarte osoan hezkuntza handiagoa behar dela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa EAE albisteak Gizartea Gaurko titularrak Errenteria albisteak Albisteak LGTBI+ albisteak