Gizartea -

Elikadura

Azukrea vs edulkoratzaileak: zeinen aldeko hautua egin?

% 0 azukre duten produktuak asko ugaritu dira supermerkatuetan. Azukrearen ordez, edulkoratzaileak gehitzen dizkiete fabriketan: maltitola, sorbitola, xilitola, eritritola... Hobea al da horiek hartzea? Seguruak al dira edulkoratzaileak?

Azukrea ala edulkoranteak? Irudia: Pixabay eta Pexels.
Azukrea ala edulkoranteak? Irudia: Pixabay eta Pexels.
Azukredun produktuak ala % 0 azukre dutenak: zein produktu da hobea?

1:49

A.A.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken aldian, azukrerik ez daukaten produktuak, % 0 azukre etiketarekin saltzen direnak, asko ugaritu dira supermerkatuetako apaletan: gailetak, jogurtak, txokolatea, freskagarriak, goxokiak, gosaltzeko zerealak… Azukredun produktu klasikoak baino hobeak al dira? Horien aldeko hautua egitea komeni al zaigu guztioi?

EHUko Farmazia fakultateko irakasle eta CiberOBNko ikertzailea den Itziar Eseberrirengana (Iruña, 1987) jo dugu gai honi buruz galdezka. "Kontuz!" izan da bere lehen erantzuna.

Edulkoratzaileak, gaur-gaurkoz, osasunarentzat seguruak direla baieztatu du. "Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA) hala ziurtatzen du. Hark zehazten du zer neurritan erabili behar diren". Baina berehala etorri da Eseberriren ohartarazpena: "Zer produktu motatan erabiltzen ditu edulkoratzaileak elikagaien industriak? Zenbat gozatzen dute edulkoratzaile hauek guztiek?".

Edulkoratzaileek bi arazo nagusi dituzte, Itziar Eseberriren iritzian. Lehenengoa da nutrizioaren aldetik balio eskasa duten produktuetan erabiltzen dituela industriak. "Gailetak, gozokiak, freskagarriak… balio nutrizional gutxi duten produktuak dira, eta, azukrea kenduta ere, ez diote gure osasunari onura handirik ekartzen", azaldu digu.

Bigarren arazoa ere oso garrantzitsua da irakasle eta ikertzailearentzat: "Edulkoratzaileek oro har edozein produktu gozatzeko gaitasun oso handia dute, alegia, oso edari edo janari gozoak lortzen dira horiek gehituta. Ondorioz, gure dastamena gozotasun maila horretara ohitzen da, eta, ondoren, dena maila berean eskatzen du". 

% 0 azukredun produktuek argaltzen lagunduko digute?
% 0 azukredun produktuek argaltzen lagunduko digute?
% 0 azukredun produktuek argaltzen lagunduko digute?

0:49

Sakarina, estebia, maltitola, sorbitola, xilitola, eritritola, aspartamoa… Asko dira azukrearen ordez gozagarri gisa erabiltzen diren substantziak. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu: gozatze maila, jatorria, berotzen direnean duten jarrera, kilokaloria kopurua… Denak berdinak ote diren galdetuta, ezetz erantzun digu Itziar Eseberrik. Horregatik, egin behar duten produktuaren eta lortu nahi duten emaitzaren arabera, bata edo bestea aukeratzen dute elikagaien faktoriek.

Orokorrean, substantzia seguruak dira, lasai hartzeko modukoak. EFSAk erabilera baimentzen du, eta bakoitza zer neurritan erabil daitekeen zehazten du. Horietako batzuek digestio arazoren bat sor dezakete kantitate handitan hartuz gero. Beste batzuk ez dira onuragarriak gaixotasun konkretu bat duten pertsonentzat; esaterako, fenilzetonuria gaixotasuna duten pertsonek ez lukete aspartamoa hartu behar.

Eritritola: altxorra ala pozoia?

Azken aldian, adibidez, eritritolak eman du zeresana. Elikagai batzuetan naturalki agertzen da (besteak beste, fruta batzuetan, gaztan eta garagardoan), baina elikagaien industrian azukreen hartziduraren bidez eskuratzen da. Azukreak baino ahalmen edulkoratzaile gutxiago duenez, kantitate handietan gehitu edo beste edulkoratzaile batzuekin nahastu ohi da, baina ez du gluzemia handitzen, eta kaloria gutxi ematen dizkigu.

Supermerkatuetan hauts gisa saltzen da gozagarri hori, eta sare sozialetan osasungarri gisa zabaltzen diren errezeta asko egiteko ezinbesteko osagaia da: pastelak, bizkotxoak, gailetak... Baina AEBko Cleveland Institutek egindako ikerketa batek hainbat gaixotasun kardiobaskularrekin lotu du, eta iktusak edo bihotzekoak izateko arriskua gehitzen duela ohatarazi du.

Itziar Eseberri ikertzaile eta irakasleak, ordea, ez die erabateko fidagarritasunik eman Nature Medicine aldizkarian argitaratu zituzten ikerketa horren emaitzei. Prozesu horretan, aurretik gaixotasunen bat zuten pertsonek hartu zutela parte esan du, eta ez dute eritritola hartzearen eta gaixotasunen arteko kausa-efekturik frogatu, horren hitzetan. Gaur egun, Europako Elikagaien Agentziak produktu segurutzat jotzen duela azpimarratu du, betiere neurrian erabilita, baina ikerketa gehiago egitearen aldekoa da.

Segurua al da eritritol edulkoratzailea?
Segurua al da eritritol edulkoratzailea?
Segurua al da eritritol edulkoratzailea?

0:55

Beraz, edulkoratzaileen edo azukrearen arteko hautua egiteko eskatuta, Itziar Eseberrik bi produktuak gutxi eta tarteka hartzearen alde egiten du: "Egunean txokolate zatitxo bat soilik hartuko badut, bata edo bestea har daiteke; baina edulkoratzailea duelako tableta osoa jatea ez da batere ideia ona". Adituaren ustez, egokiena elikagaiak gozagarririk gabe edo gozagarri gutxirekin jatea eta haien benetako zaporeetara ohitzea litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU berriak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Dietei buruzko albisteak Elikadura osasungarria albisteak