Gizartea -
EUSKARA
Eskola garraioari lotutako kontratu bateko hizkuntza klausulak "inposizioa" direla ebatzi du epaile batek
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, gehiegizkoa da arlo publikoan ari diren enpresetako langileei administrazioarekiko dituzten harremanetan euskara eskatzea.
EITB MEDIA
Euskara eskakizunen aurkako beste epai bat eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Otsailean kaleratutako sententzia baten arabera, Hezkuntza Sailak, Bizkaian, eskola garraioari lotutako kontratazio baterako jarritako hizkuntza eskakizunak "inposizio" bat dira.
Kontratu horrek zehazten zuen enpresako langileei euskara maila egokia eskatuko zitzaiela administrazioarekiko izan beharreko harremanetan. Ondarroako autobus enpresa bati ez zitzaion egokia iruditu hizkuntza klausula hori eta auzitegietara jo zuen.
Administrazioarekiko Auzien 1. Atalak ebatzi du, ordea, gehiegizkoa dela arlo publikoan ari diren enpresetako langileei administrazioarekin dituzten harremanetan euskara eskatzea.
Aurretik ere izan dira euskararen aurkako epaiak, baina Auzitegi Nagusiak urrats bat gehiago egin du. Orain arte, enpresek bezeroekin dituzten harremanei buruzko ebazpenak eman dituelako eta, orain, enpresa horiek dituzten harremanetan sartu da.
Epaiak aurrez erabilitako tesi bati eusten dio, hots, ezin zaiela langile publikoen pareko hizkuntza eskakizunik eskatu enpresa pribatu bateko langileei.
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Sailari dagokio helegitea jarri ala ez erabakitzea eta, Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, zerbitzu juridikoak kasua aztertzen ari dira. Apirilera arteko tartea dute horretarako.
Erreakzioak
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen gobernuak kontu handiz aztertuko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako azken epaia. Dena dela, azpimarratu du sententzia horrek beste eztabaida bat zabaltzen duela. Izan ere, orain artekoak ez bezala, administrazioaren eta zerbitzu publikoa eskaintzen duen enpresa pribatu baten arteko harremanen ingurukoa da ebazpena.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohartarazi duenez, epai honen arabera agian bilera eta komunikazio guztiek gazteleraz izan beharko dute. Are gehiago, Azken urteetan "egindako lan guztia atzera botatzeko" arriskua ikusten du.