Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Jaurlaritzak berriro atzeratu du Hezkuntza Legearen proiektua
Bingen Zupiria bozeramaileak azaldu duenez, gobernu bileran onartzeko hainbat txosten falta ditu oraindik proiektuak. Bildarratzen hitzetan, "aste gutxi batzuren kontua" izango da.
Agentziak | EITB Media
Hezkuntza lege berriaren proiektua beste behin atzeratu da. Eusko Jaurlaritzak 2023ko lehen hiruhilekoan onartzea aurreikusita zuen, baina "ez da posible izan", Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan aitortu duenez. Nolanahi ere, proiektua onartzea "aste gutxiko kontua" izango dela uste du Bildarratz Hezkuntza sailburuak.
Aurretik ere izan ditu atzerapenak. Berez, urrirako prest egongo zela iragarri zuen Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak; ondoren, Gabonetarako, eta azkenik, aurtengo lehen hiruhilekorako.
Alabaina, martxoko azken gobernu bilera izan da gaurkoa, baina ez dute proiektua onartzerik izan. Antza, txosten batzuen faltan dago.
Zupiriak azaldu duenez, Bildarratzen asmoa proiektua "aste gutxi barru" onartzea da, baina ez du aurreratu azkenean apirilerako prest egongo ote den.
Hala, Aste Santuko oporrak eta 2023ko hauteskundeak (maiatzeko udal eta foru hauteskundeak eta urte amaierako hauteskunde orokorrak) direla eta, egutegiak "estutu" egiten dituela onartu du.
Nolanahi ere, bozeramaileak uste du Hezkuntza Legea legegintzaldi honetan onartu ahal izango dela.