Gizartea -
2022ko txostena
Lezertua: ''46 aldiz gogorarazi behar izan diegu administrazioei Arartekoarekin ez kolaboratzea delitua dela''
Nabarmendu du konfinamenduak eragindako etenaldiaz geroztik, zenbait administraziok ez dutela elkarlana zaindu. Ondorioz, hainbat neurri jarri dituzte abian, eta administrazio horiei gogorarazi die jokabide horrek ondorioak dituela herritarren eskubideen bermean eta erakundeen sinesgarritasunean.
EITB MEDIA
Manuel Lezertua Arartekoak agerraldia egin du gaur, asteartearekin, komunikabideen aurrean, erakunde horren 2022ko txostena aurkezteko. Bertan jaso dute, guztira, 12.704 jarduketa bideratu zituztela iaz (2021ean baino dezente gehiago). Horietatik 7.504 kexa eta kontsultak ziren, 4.989 telefono bidez emandako informazioa, 119 kanpoko jardueretan izandako parte-hartzea, 58 laneko bilerak, 28 nazioarteko erakundeekin egindako jarduerak, 4 ate irekien jardunaldiak eta 2 ikuskaritzaren bisitak.
Kexa espediente horietatik 2.328 ebatzi eta 1.355 ebazpen eman zituzten. Batez beste, 66 eguneko iraupena izan zuen horietako prozesu bakoitzak.
Lezertuak nabarmendu du konfinamenduak eragindako etenaldiaz geroztik, zenbait administraziok ez dutela elkarlana zaindu. Ondorioz, hainbat neurri jarri ditu abian, eta administrazio horiei gogorarazi die jokabide horrek ondorioak dituela herritarren eskubideen bermean eta erakundeen sinesgarritasunean. Lezertua: ''46 aldiz gogorarazi behar izan diegu administrazioei Arartekoarekin ez kolaboratzea delitua dela'', esan du.
Nabarmentzeko modukoa da Arartekoari aurkeztutako hamar kexa espedientetik bederatzik Lanbideren jardunarekin dutela zerikusia, bereziki, diru sarrerak bermatzeko errentaren eta etxebizitzarako prestazio osagarriaren kudeaketarekin.
Gainera, tramitatutako kexa espedienteen % 46 eskubide sozialekin daude lotuta (osasuna, gizarteratzea, etxebizitza, hezkuntza...)
Administrazioen kontrako kexei dagokienez, Jaurlaritzak jaso ditu gehien (% 54). % 34, berriz, udalen aurkakoak izan dira, eta % 10 aldundien kontrakoak.
Bukatzeko, haurrekin edo nerabeekin lotuta daude 2022an aurkeztutako espediente horien % 19,71 (560 kexa).