Gizartea -
Hezkuntza
Hezkuntza Lege "ahalik eta onena" sortzeko deia egin du Hezkuntza Plazara plataformak
Hezkuntza komunitate osoaren eta erakundeen elkarlana defendatu du plataformak, eragile ezberdinekin bilerak egingo dituztela iragartzearekin batera.
Unai Urreaga | EITB Media
Euskara ardatz izango duen euskal hezkuntza sistema aldarrikatu du Donostian Hezkuntza Plazara plataformak. Lehen ere kezka azaldu izan du plataforma horrek Eusko Jaurlaritza ontzen ari den Hezkuntza Legearen gainean. Lege ahalik eta onena egiteko elkarlanerako deia egin du plataformak, herrietatik abiatuta.
Irailean aurkeztutako lege zirriborroa "urruti" dagoela diote, Legebiltzarrean lortutako adostasunetik. Legeaz gain, legea bera garatu eta agenda berri bat martxan jartzeko beharrezko jotzen dute "plan pilotu" bat.
Hiru eremutan lan egin beharra ikusten dute; alde batetik, funtsezko jotzen dute "hizkuntza helburuetatik harago doan hizkuntza proiektu bat", ikastetxe bakoitzean.
Publikotasun eredu berri batean oinarrituko den hezkuntza sistema lortzeko bidean, herrietan urratsak emateko deia ere egin dute, eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko euskal curriculumaren eguneratzea aldarrikatu dute.
Aipatutako guztia lortzeko, hezkuntza komunitate osoaren eta erakundeen elkarlana defendatu dute eta eragile ezberdinekin bilerak egingo dituztela iragarri dute, ekarpenak jaso eta urratsak zehazteko.