Gizartea -
Aitortza
Bilboko gotzainak barkamena eskatuko die gaur Elizak egindako sexu-abusuen biktimei
Joseba Segurak otoitz egingo du Santiago Katedralean 18:00etan, biktimei barkamena eskatzeko. Era horretako lehen ekitaldia izango da Espainiako Estatuan.
EITB Media
Joseba Segura Bilboko gotzainak Bizkaian Elizako kideek egindako sexu-abusuak aitortuko ditu eta biktimei barkamena eskatuko die gaur.
Eliza Katolikoan adin txikikoen aurka gertatutako sexu abusuen harira, Bilboko Elizbarrutiak 32 espediente zabaldu ditu 2019. urtetik, horietatik bederatzi, iaz. 32 espediente horietan 16 apaizaren eta ordena erlijiosoetako kideak (irakasleak, katekistak edota boluntarioak) jasotzen dira. 16 horietatik 14 identifikatuta daude, eta guztiak hilda daude.
Segurak otoitz egingo du Santiago Katedralean 18:00etan, biktimei barkamena eskatzeko. Era horretako lehen ekitaldia izango da Espainiako Estatuan.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, pauso "garrantzitsua, egokia eta beharrezkoa" da aitortza eta barkamena eskatzea.
Aburtok azaldu du ez dela zeremonian egongo, eta Bilboko gotzainak emandako pauso hori "oso positibotzat" eta, gainera, "beharrezkotzat" jo du.
Adierazi duenez, "biktimak aitortzea, kasu honetan izaera sexualekoak, oso garrantzitsua da eta, beti bezala, aitortza, justizia eta egia merezi dituzte". Horregatik, kasu honetan, Elizak "urrats egokia ematen du, baina hori ere beharrezkoa zen", errepikatu du.