Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Uda honetan Europak lehorte larria izango duela ohartarazi du Bruselak
Europar Batzordearen txosten baten arabera, prezipitazio ezak "kezka" sortzen du uraren horniduran, nekazaritzan eta energia ekoizpenean.
Agentziak | EITB Media
Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuak (JRC, ingelesezko siglak) astelehen honetan ohartarazi duenez, Europa 2022ko udako lehortearen antzeko baterako bidean da, eta datozen asteetako euriteak "erabakigarriak" izango dira "negu bereziki lehor eta bero" baten etorkizuneko eragina zehazteko.
Astelehen honetan argitaratutako txosten batean, JRCk ohartarazi du Europak ia hegoalde eta mendebalde osoan izan dutela eragina "lurzoruko hezetasunaren eta ibaien jarioaren anomalia nabarmenek, oso negu lehor eta bero baten ondorioz". Gainera, Frantzian, Espainian eta Italiako iparraldean jadanik ikus daitekeen "lehorte sorberrian" eragina izan du horrek.
"Urtaroen aurreikuspenek batez bestekoa baino udaberri beroagoa erakusten dute Europa osoan; prezipitazioen aurreikuspenek, berriz, ziurgabetasun eta espazio-aldakortasun handiagoa dute ezaugarri. Beharrezkoa izango da zaintza estua eta ura erabiltzeko plan egokiak, gaur egun baliabide hidrikoetan kritikoa izateko arriskua duen denboraldiari aurre egiteko ", dio txostenak.
JRCren ustez, prezipitazio ezak "kezka" sortzen du jada ur hornidura, nekazaritza eta energia ekoizpena bezalako sektoreetan.
Lehortearen ondoriozko alerta baldintza orokorrak Espainiako hegoaldean, Frantzian, Irlandan, Erresuma Batuan, Italiako iparraldean, Suitzan, Mediterraneoko uharte gehienetan eta Errumaniako eta Bulgariako eskualdeetan daude, Itsaso Beltzera eta Greziara ematen dutenetan, hain zuzen.
"Denboraldiaren hasieran uztek eta landarediak ez dute eragin nabarmenik izan oraindik, baina egungo egoera kritikoa izan liteke datozen hilabeteetan, tenperaturan eta prezipitazioetan anomaliak 2023ko udaberrian mantentzen badira", azpimarratzen du txostenak.