Gizartea -
VII. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA
261.108 hiztun irabazi ditu euskarak azken 30 urteotan EAEn
Eboluzioa urterik urte goranzkoa da. Bereziki deigarria da Araban izaten ari diren gorakada: % 6 egin du gora euskaldunen kopuruak 10 urtean. Horrez gain, EAEko hamar herritarretik zazpi euskara sustatzearen aldekoak dira.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Gora egin du euskararen ezagutzak EAEn azken 30 urteotan, eta bilakaeraren marra goraka doa urterik urte: 1991n, 419.221 herritarrek zekiten euskaraz, eta 2021ean, 680.629k. Gizartearen herena (% 36,2) da, beraz, euskalduna, eta horietariko gehienak gazteak dira, 16 eta 24 urte artekoak. Adin tarte horretan, hamarretik zazpik baino gehiagok (%74,5) dakite euskaraz, duela hiru hamarkada ez bezala; orduan, % 25 ziren euskaldunak. Ifrentzuan, arnasguneetan gertatzen ari dena. Ezagutzak behera egin du: % 88,2tik %78,5era jaitsi da 1991tik.
Horrez gain, EAEko herritarren % 70ek euskararen aldeko jarrera aktiboa dute: euskara sustatzearen alde egoteaz gain, hizkuntza biziberritzeko prozesuan parte hartzeko prest daude. Halaber, Administrazioan lanean aritzeko euskara jakin behar dela uste dute % 74,7k.
VII. Inkesta Soziolinguistikoak —lehena 1991n egin zuten, eta azkena, 2016an— utzi dituen ondorio nabarmenenak dira horiek. Ezagutza, jarrera, transmisioa eta erabilera neurtu dituzte. 16 urtetik gorako herritarren artean egin zen inkesta, 2021eko udazkenean. 4.550 pertsona galdekatu ziren: 2.650 euskaldun eta 1.900 erdaldun. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gaur eman ditu jakitera emaitzak, Donostian egin duten agerraldian. Bingen Zupiria eta Miren Dobaran sailburua eta sailburuordea, hurrez hurren, eta Jon Aizpurua Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduraduna izan dira bertan. Azken horrek aletu ditu datuak.
Jarrera
Gizartearen herena bakarrik izan arren euskalduna, euskararekiko atxikimendua handia da. Hiru herritarretik bik euskara sustatzearen aldeko jarrera adierazi dute, eta ez hori bakarrik; gehiengo zabal bat euskara biziberritzeko prozesuan aktiboki parte hartzeko prest dago. Ildo horretan, % 74,7k uste dute Administrazioan lan egiteko euskara ezagutzea beharrezkoa dela, eta ia % 90ek, berriz, haur guztiek euskara ikasi beharko luketela irizten diote. Ingelesa ikastea euskara ikastearen aurretik jarri dute galdetutakoen % 22k, eta bitik batek uste du irratiek eta telebistek programa gehiago eman beharko lituzketela euskaraz.
Ezagutza
Inkestaren arabera, hau da euskararen ezagutzaren argazki orokorra EAEn: 16 urtetik gorako herritarren % 36,2 euskaldunak dira, % 18,6 euskaldun hartzaileak eta % 45,3 erdaldunak. Azken soziolinguistika inkestatik, 49.245 euskaldun gehiago daude egun. Ezagutzaren bilakaera marra goraka doa urtez urte.
Adinari erreparatuta, gazteen artean dago euskaldunen ehuneko altuena, eta zaharren artean baxuena: 16-24 urteko herritarren % 74,5ek dakite euskaraz, eta 65etik gorako % 22,1ek. Orain dela 30 urte kontrakoa gertatzen zen; orduan, talderik euskaldunena 65etik gorakoena zen. Gaur egun, euskaldun gehienak hiri inguruetan bizi dira, eremu erdaldunetan.
Lurraldeka, berriz, alde handiak daude, batetik bestera. Gipuzkoarren % 51,8k dakite euskaraz, bizkaitarren % 30,6k eta arabarren % 22,4k. Halere, bereziki deigarria da euskararen ezagutza Araban izaten ari den bilakaera: hiru hamarkadatan, % 15 igo da hiztun kopurua lurralde horretan.
Kontrara, marra behera doa arnasguneetan, UEMAren baitan dauden 101 udalerrietan. % 88,2tik % 78,5era jaitsi da eremu horretan euskaldunen kopurua 1991tik 2021era.
Erabilera
Euskara gehien erabiltzen dutenak gazteak dira. 16 eta 24 urte artekoen artean, % 33 euskaraz aritzen dira.
Halaber, biztanleria osoa kontuan hartuta, 1991tik, % 15,5etik % 21,9ra pasatu dira euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutela diotenak: 2021ean guztira 412.821 ziren hori ziotenak. Hemen ere, Arabaren kasua da nabarmentzekoa: euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutela diote arabarren % 7,8k. 2011n, % 4,3 baino ez ziren hori ziotenak, eta inkesta egin zutenean, berriz, ia inork ere ez.
Lan-eremuari dagokionez, udal administrazioan erabiltzen da gehien euskara, langileen % 27,4k erabiltzen baitute; osasun zerbitzuetan, berriz, % 23,1ek erabiltzen dute; eta lankideen artean, % 26,8k.
Transmisioa
Inkestak utzitako datuen arabera, belaunaldien arteko transmisioa berreskuratzen ari da. Bi gurasoak euskaldunak direnean eta bien lehen hizkuntza euskara denean, transmisioa % 98koa da; eta guraso bakarra euskalduna eta horren lehen hizkuntza euskara denean, transmisioa % 84koa da.
Hiruko Itunaren (hizkuntza politikaren oinarrien inguruan Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak izenpetuta duten akordioa) baitan egiten da inkesta soziolinguistikoa, eta Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko datuak ere aztertzen dira. Nafarroakoak duela astebete eman ziren jakitera, eta Ipar Euskal Herrikoak apirilaren amaieran zabalduko dira.