Gizartea -
Liskarrak
Reala-Erroma partidaren aurreko istiluetan atxilotutako hiru pertsonak, aske
Hiru atxilotuak epailearen esku geratu dira gaur goizean. Realak gaitzetsi egin ditu ostegunean, partidaren atarian, "ustez Realeko eta Erromako zaleek" izandako istiluak, eta ohartarazi du ez dituela bazkide gisa "onartuko" horietan parte hartu zutenak.
EITB MEDIA
Realaren eta Erromaren arteko Europa Ligako partidaren aurretik izandako istiluetan parte hartzeagatik ostegunean atxilotutako hiru lagunak epailearen esku geratu dira gaur goizean, eta aske geratu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Realak gaitzetsi egin ditu ostegunean, partidaren atarian, "ustez Realeko eta Erromako zaleek" izandako istiluak, eta ohartarazi du ez dituela bazkide gisa "onartuko" horietan parte hartu zutenak.
Hiru pertsona atxilotu zituzten, atzo arratsaldean Donostian, Reala-Erroma partida hasi aurretik bi taldeetako zaleen artean izandako istiluetan. 19 eta 31 urte arteko hiru gizonezko dira atxilotuak, eta desordena publikoak eta agintarien aurkako atentatua leporatzen diete.
19:30 aldera, hainbat pertsonak objektuak eta bengalak jaurti zituzten Erromako zaleak zeramatzaten autobusen aurka.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istiluak Madril etorbidean hasi ziren, eta Reale Arena ingurura zabaldu ziren gero. Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko agenteak bertaratu ziren.