Gizartea -
haurren txertaketa
Osakidetzak B meningokokoaren aurkako txertoa haurren txertaketa egutegian sartuko du
Gainera, gripearen kontrakoaren dosia 6 hilabete eta 5 urte bitarteko umeei zabalduko zaie, poliomielitisaren dosi gehigarria egongo da 6 urtekoentzat, eta papilomarena 12 urteko haurrei zabalduko zaie. Helduei dagokionez, zoster herpesaren kontrakoa aurten 65 urte betetzen dituztenei emango zaie.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, aurrerantzean haurren txertaketa-egutegian B meningokokoaren aurkako txertoa sartuko du. Halaber, gripearen kontrako txertoa 6 hilabete eta 5 urte bitarteko umeei zabalduko zaie, poliomielitisaren dosi gehigarri bat gehituko da 6 urteko umeentzat, eta lehen aldiz sartu da giza papilomaren birusaren aurkako txertoa 12 urteko haurrentzat.
Eusko Jaurlaritzak adierazi du haurren babesa indartu nahi duela berrikuntza honekin. Horrela, aurrerantzean, B meningokokoaren aurkako txertoa Osasun Sailak finantzatuko du, eta, beraz, egutegiko gainerako txertoak bezala, doakoa izango da 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera jaiotako haurrentzat. 3 dosiko jarraibidea izango du, 2, 4 eta 12 hilabete betetakoan emateko.
Bestalde, aurretik ere gripearen aurkako txertoa arriskuko haurrei ematen zitzaien, baina orain 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haur guztiengana zabalduko da txertoa.
Beste berrikuntza bat da poliomielitisaren aurkako 3. dosi bat egongo dela aurten 6 urte betetzen dituzten haurrentzat, difteriaren, tetanosaren eta kukutxeztularen aurka ematen zen hirugarren dosiaren bertsio eraginkorrago bati gehituko zaiona. Horrela, ziztada bakar batean inokulatuko dira 4 txertoak (tetrabalentzia).
Amaitzeko, lehen aldiz, giza papilomaren birusaren aurkako txertoa 12 urteko haurrei zabalduko zaie, 2 dositan, bien artean 6 hilabeteko tartea utzita; 2023/2024 ikasturtean hasiko da, 2012an jaiotako haurrei zuzenduta. Orain arte, neskatoei bakarrik txertatzen zitzaien, umetoki-lepoko minbizia prebenitzeko.
Pertsona helduen kasuan, berrikuntza nagusia da 2023an 65 urte betetzen dituzten pertsonek zoster herpesaren aurkako txertoa hartuko dutela.
Txertaketa-egutegi berria ezarri ondoren, Osasun Sailak eta Osakidetzak ohiko prozedura hasi dute Osakidetzako profesionalei, zentro pribatuen sareari, osasun-elkargoei eta, oro har, herritarrei horren berri emateko.