Gizartea -
2022KO BALANTZEA
6.253 etorkin artatu zituen iaz Gurutze Gorriak Irunen
2021eko datuarekin alderatuta, % 20 gutxitu ziren 2022an etorkinen iritsierak. Irunera iaz heldutako pertsonen % 78 gizonezkoak ziren, % 17 emakumezkoak, eta % 5 adingabeak.
EITB MEDIA
Iragaitzazko migratzaileei premiazko arreta emateko erakundeen arteko koordinazio mahaiak urteroko bilera egin du gaur, asteazkenarekin, Irungo Gordailuan. Bertan, Gurutze Gorriak 2022ko balantzea aurkeztu du. Estreinakoz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak zuzendu du hitzordua.
Hala, iaz 6.253 etorkin artatu zituen Gurutze Gorriak Irunen. 2021eko datuarekin alderatuta, % 20 gutxitu ziren, beraz, etorkinen iritsierak. Irunera iaz heldutako pertsonen % 78 gizonezkoak ziren, % 17 emakumezkoak, eta % 5 adingabeak.
Urteko lehenengo hiruhilekoan izan ziren joan-etorri gehienak. Hain zuzen ere, urtarriletik martxora, batez beste, 850 etorkin iritsi ziren Irunera.
Gizonezkoen kasuan, batez beste, 24 urtekoak ziren Gipuzkoako aipatu udalerriko zentroetan artatutako etorkinak. Emakumezkoen kasuan, 27 urtekoak, eta adingabeetan 4-5 urte ingurukoak.
Melgosaren adierazpenak
"Iragaitzazko etorkinen afera egiturazko errealitate bat da, eta, beraz, egiturazko erantzunak eskatzen ditu. Europak korridore humanitario seguruak eratzen ez dituen bitartean, gisa honetako baliabideak beharko ditugu", esan du Melgosak Gordailuan egindako bilera baino lehen komunikabideei emandako adierazpenetan.
Iaz artatutako 6.253 etorkinak gogoan, aipamen berezia egin nahi izan die Irunera heldutako 1.063 emakumeei. "Erdiek adingabeak zaintzeko ardura zuten", adierazi du.
"Ez dut pentsatu nahi bidaian zer-nolako sufrimendua izan zuten. Bidea gogorra eta ankerra da etorkin guztientzat, baina bereziki emakumeentzat, eta, batik bat, kargupean adingabeak dituztenentzat. Edonork merezi du enpatia eta maitasuna, baina are gehiago merezi dute emakume horiek", nabarmendu du.