Gizartea -
MEMORIA
Ziberdelituek % 41 egin zuten gora EAEn 2022an
Dena dela, iaz izandako delituen % 85 presentzialki egin ziren. Delitu motari dagokionez, % 10 pertsonen kontrakoak izan ziren, eta horietatik gehienak emakumeen kontrakoak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
133.989 delitu erregistratu ziren 2022an Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik % 85 (113.842) aurrez aurre eta % 15 (20.147) zibernetikoki egindakoak izan ziren. Halere, delitu gehienak presentzialki egin baziren ere, ziberdelituak dira gehien hazi zirenak: % 41 gehiago 2019ko (pandemia aurreko) datuekin alderatuta. Aurrez aurre egindako arau-hausteek, berriz, % 6 egin zuten gora.
Josu Erkoreka lehen lehendakariordeak eta Segurtasun sailburuak "Delinkuentziaren Memoria Euskadin 2022" txostena aurkeztu du, goizean, Eusko Legebiltzarrean, azken urteotako arau-hausteen inguruko datuak biltzen eta alderatzen dituena. 15.000 biztanletik gorako herrietan egindako delituen inguruan Ertzaintzak eta tokian tokiko udaltzaingoek jasotako informazioarekin osatzen da txosten hori.
Lurraldeka, Bizkaian erregistratu ziren, iaz ere, delitu gehienak, orotara, 75.417; Gipuzkoan, 34.432; eta Araban, 19.417. Herri eta hirietako datuak aintzat hartuta, delinkuentzia tasa gune populatuenetan igo da gehien. Bilbon egin ziren arau-hauste gehienak, 97 delitu 1.000 biztanleko, eta ondoren, Donostian, 77 delitu 1.000 biztanleko. Halere, Erandio da delinkuentzia gehien hazi den herria: 2019ko datuekin alderatuta, % 27 gehiago.
Delitu motari dagokinez, iaz jasotako delitu guztien (presentzialki nahiz teknologia berrien bidez egindakoak) % 62 ondarearen kontrakoak izan ziren. Dena dela, deliturik larrienak, pertsonen aurkako delitu presentzialak, delitu guztien % 10 izan ziren eta horietako gehien-gehienak emakumeen aurkako indarkeria psikiko, fisiko eta sexualarekin lotutako kasuak dira.
Ertzaintzaren datuen arabera, 5.143 emakumek pairatu zuten indarkeria motaren bat iaz.