Gizartea -

Bizkaia

Basurtuko Ospitaleko langile batek pairatutako erasoaren aurrean neurriak eskatu ditu ESK sindikatuak

Ertzaintza paziente psikiatriko bat ikertzen ari da, Basurtuko Ospitaleko segurtasun behargin bati ustez eraso egiteagatik. Pazienteen partetik jarrera bortitzak eta erasokorrak prebenitzeko osasun profesionalei etengabeko formakuntza eskaintzea eskatu du ESK sindikatuak.

Basurtuko Ospitaleko argazkia. Irudia: EFE
Basurtuko Ospitaleko argazkia. Irudia: EFE
Basurtuko Ospitaleko argazkia. Irudia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basurtuko Ospitaleko segurtasun langile batek pairatuko azken erasoaren aurrean, "neurri eraginkorrak" eskatu dizkio ESK sindikatuak Osakidetzari, "berriro errepikatu ez daitezen". Ertzaintza paziente psikiatriko bat ikertzen ari da, Basurtuko Ospitaleko segurtasun behargin bati ustez eraso egiteagatik.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, paziente psikiatriko bat lasaitzera eta kontrolatzera joan omen zen segurtasun langilea, eta orduan eraso egin omen zion pazienteak. Segurtasun profesional horrek salaketa aurkeztu du, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du jazoeraren nondik norakoak argitzeko.

ESK sindikatuak ohar baten bidez elkartasun osoa adierazi dio erasotu zuten langileari, eta gogoratu du eraso kopuru gehien izaten direla Larrialdi eta psikiatriako ospitaleratze zerbitzuetan. "Edozein momentutan egoera bortitz baten biktima izan gaitezkeen sentsazioarekin gatoz osasun profesionalak lan egitera", deitoratu du sindikatuak.

Horren aurrean, proposamen bi plazaratu ditu: pazienteen partetik jarrera bortitzak eta erasokorrak prebenitzeko Bilbo-Basurtuko ESIko profesionalei etengabeko formakuntza eskaintzea, eta ESI horren erabiltzaile diren herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina abiatzea.

Azkenik, Bilbo-Basurtuko ESIk berak eraso horiek salatzea ere eskatu du ESK sindikatuak, "erasotu dituzten langile askok ez dutelako erasoa salatzen, euren datuak erasotzaileentzako ezagunak egingo dituzten beldur baitira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea